ZURIÑE DE MIGUEL MALAXETXEBARRIA

“Nobel Saria duten zientzialariekin lan egiteko aukera izan dut Stanfordeko Unibertsitatean”

Aitor Aspuru Saez 2022ko mar. 16a, 07:00

Duela 14 urte iritsi zen Zuriñe de Miguel Estatu Batuetara, 'Marie Curie' bekari esker. / Aiaraldea.eus

ZURIÑE DE MIGEL MALAXETXEBARRIA (Laudio, 1980) Stanfordeko unibertsitatearekin ikerketa egin du ariketa fisikoaren eraginak aztertzeko burmuinean. Nature aldizkarian argitaratu du artikulua eta ibilbide oparoa bete du neurozientziaren esparruan.

Esperimentu argigarria egin duzu ariketa fisikoak burmuinean duen eraginari buruz, azalduko diguzu zer den aurkitutakoa?

Lehenik eta behin, eskerrak aitortzeagatik argigarria dela! Lanaren bitartez konturatu ginen ariketa fisikoak burmuinean duen eragina erreplikatu daitekela animalietan. Zehazki, ariketa fisikoa egin duten animalien odola transferituta ariketa egin ez dutenei. 

Ariketa fisikoa egiten dugunean, neuronen kopurua areagotzen da hipokanpoan. Burmuinaren zati hori ezaguna da parte hartzen duelako ikasteko prozesuan eta memorian. Hortaz, ariketa fisikoak neurona kopurua biderkatzen badu, susmoa da ona dela burmuinarentzat. Beste ikerketa batzuek adierazten dute esparru kognitiboaren funtzioa ere hobetzen dela ariketa fisikoarekin. 

Ez dakiguna zehazki da nola funtzionatzen duen horrek guztiak, baina gure estudioari esker ondorioztatu dugu odolean badaudela aldagai batzuk, zeinak burmuinera heltzen diren eta eragin hori duten.

Saguetan egin genituen ikerketak eta topatu genuen ariketa fisikoa egiten ez zutenek -gurpilik ez zutelako kaiolan- behin ariketa fisikoa egin zuten beste saguen plasma jasota, neurona gehiago zituztela hipokanpoan eta memoria eta ikasteko testak hobeto egiten zituztela.

Egindako beste aurkikuntza interesgarria izan zen plasma injekzioek burmuinaren inflamazioa murrizten dutela. Hori gai interesgarria da buru gaixotasun ugarirekin lotu baita inflamazioa. Adibidez, alzheimerra, depresioa… 

Gure lanak erakusten du badaudela modu naturalak burmuina hobetzeko. Gorputz osoaren ekintzak hobetu dezake bere funtzionamendua. 

Zer nolako erabilpen praktikoa izan dezake aurkikuntzak?

Buru edo burmuin gaixotasunetan baliatu daiteke tratamendu gisa. Izan ere, horrelako kasuetan arazo handienetakoa da nola heldu burmuinera, “hesi” asko jartzen baititu.

Horrek zailtzen du tratamendua bideratzea burmuinera, gorputz osoan eragina edo kaltea sortu gabe. Eta alderantziz, zailtasunak daude edaten edo injektatzen diren tratamenduek eragina izateko burmuinean. Horregatik da hain zaila alzheimerra edo antzeko gaixotasunetara bideratutako tratamenduak sortzea.

Gure lanak erakusten du badaudela modu naturalak burmuina hobetzeko. Gorputz osoaren ekintzak hobetu dezake bere funtzionamendua. 
Nire ustez, etorkizuna da ikastea nola gorputzak laguntzen duen burmuina. Hau da, nola heltzen diren proteinak burmuinera eta nola aldatzen duten informazioa, neurona kopurua, emozioak, kognizioa… Beste ildo bat izan daiteke topatu dugula odolaren aldagai batek -clusterin-ak-laguntzen dituela animaliak bere emaitzak hobetzen oroimenean eta ikasteko prozesuan. Ziurrenik, clusterinaren bidez ezingo dugu tratamendua sortu, guk gorputzean dugun kopurua handia baita. 

Halaber, konturatu gara clusterinak zelula endotelialetan duela eragina.  Zelula horiek dira burmuineko zainen arduradunak, hau da, burmuinak dituen hesi batzuena. Ez dakigu zehazki zein den euren arteko harremana, baina badakigu zerikusia dutela burmuinaren egoerarekin. 

Helburuetako bat izan daiteke zelula horien hartzaileak sustatu edo blokeatuko dituen botika garatzea, burmuineko inflamazioa hobetzeko.

Orain irakasle naiz ni ere beste unibertsitate batean, baina harremanak dauzkat Stanfordekin, munduko erreferentzia baita eta zenbait ikerketa egiteko aukera izugarriak ematen ditu.

Stanfordeko Unibertsitatearekin egin duzu ikerketa. Zer nolako harremana duzu mundu osoan ezaguna den zentro horrekin?

Stanfordera iritsi nintzen ‘Marie Curie’ bekarekin. Europar Batasunak ematen die doktoretza bukatu dutenei. Lehia handia dago beka hori eskuratzeko eta berez ni izan nintzen EHUn lortu zuen lehenengo pertsona. 

Eman zidaten, hona etorri nintzen eta ekin nion lan egiteari Robert Sapolsky irakaslearekin. Doktoregoa egin nuen berarekin. Marie Curie beka amaitu nuen eta itzuli nintzen beste doktoretza ondoko ikastaroa egiteko beste irakasle batekin.

Orain irakasle naiz ni ere beste unibertsitate batean, baina harremanak dauzkat Stanfordekin, munduko erreferentzia baita eta zenbait ikerketa egiteko aukera izugarriak ematen ditu.

Antzeko ikerketa gehiagotan parte hartu duzu?

Bai, nire ibilbidea oinarrituta dago horretan: nola aldatu burmuina jokaeraren ikuspuntutik edo biologiatik. Ikertu dut ere estres sozialaren eragina depresioa sortzeko orduan, adibidez, eta orain beste bi lan dauzkat esku artean.

Alde batetik, bat badago lotuta Nature aldizkarian argitaratu den ikerketara. Aurreko galderetan horri buruz mintzatu naiz. Zehazki, hipoxiaren eragina aztertzen ari naiz burmuinean. Oro har, uste da hipoxia txarra dela eta kalteak sortzen dituela, baina ez bada oso handia eta aldizkakoa bada, badirudi onuragarria izan daitekela. 

Alegia, orain sortzen ari zaie hipoxia alzheimerra edo parkingsona pairatzen duten gaixoei. Ni ikertzen ari naiz zeintzuk diren aldizkako hipoxiaren eraginak, zeintzuk diren kalteak eta noiz gertatzen diren. Argitu nahi dugu dosi kontua den -iraupena eta intentsitatea- edo bestelako aldagaiekin harremana duen. 

Bestalde, parte hartzen dut Estatu Batuetako Gobernuaren kanpaina batean autoen trafikoa murrizteko. Saiatzen ari dira umeak eskolara joaten oinez edo bizikletaz, eta ni ikertzen ari naiz ariketa fisiko horrek onurak dituen arlo kognitibo eta emozionalean. Horretarako neurtzen ari gara eskolara oinez joaten diren umeek emozio maila orekatuagoak dituzten. Halaber, alderatzen ari gara sistema sinpatiko eta parasinpatikoaren funtzionamendua oinez joaten diren eta autoz joaten direnen artean. 

Zein izan da zure ibilbidea Stanfordera heldu arte?

Doktoretza egiteko bi beka lortu nituen. Bat Donostiako Psikologia Departamentukoa, EHUkoa, eta bestea Espainiako Hezkuntza Ministeriokoa. Hautatu nuen ministerioarena. Lau urtekoa zen eta azken urtea egiteko eskatu nuen aldaketa, Coloradoko Unibertsitatera joateko. Han ikasi nituen teknika berriak ikertzeko, eta oso ondo moldatzen ziren EHUn jasotako trebakuntzarekin. 

Orain Kaliforniako Estatuko Unibertsitatean daukat postua eta nire laborategia garatzen ari naiz neurozientzietan

Graduatu ostean eskatu nituen Ikerbasque eta Marie Curie bekak eta biak eskuratu nituen. Bigarrenarekin geratu nintzen babes apur bat gehiago zuelako eta horri esker Stanfordera joan nintzen eta doktoretza osteko ikasketak Sapolsky doktorearekin amaitu nituen. 
Stanforden beste postu bat eskaini zidaten eta bigarren doktoratu osteko ikastaroa egin nuen. 

Orain Kaliforniako Estatuko Unibertsitatean daukat postua eta nire laborategia garatzen ari naiz neurozientzietan. Zehazki, ikertzen dut nolako harremana duen gorputzak burmuinarekin, bere portaera, kognizioa eta emozioak aldatzeko.

Urte mordoa bete dituzu Estatu Batuetan, zer egin zaizu gogorra eta zein izan da ezuste atsegina?

14 urte egin ditut jadanik Estatu Batuetan, bai. Lehenengo bi urteak egonaldiak izan ziren. Joaten eta etortzen nintzen eta ez nuen harremana galdu. Duela 12 urtetik, ordea, hemen daukat lana. Gogorrena da, dudarik gabe, jendea eta familia atzean uztea. Galtzen den denbora ez duzu berreskuratzen eta hori da gauzarik gogorrena. 

Erakargarriena hemen da jende berria ezagutzea eta erronka berriak topatzea. Esaterako, lan munduan hemen egin ditut gauza asko amets hutsak zirenak. Stanford, esan dugun moduan, munduko erreferentea da eta laborategian gauzatu ditzakezu beste leku batzuetan ezinezkoak diren proiektuak. 
Hori aprobetxatzea oso polita izan da. Adibidez, aukera izan dut Nobel Saria duten zientzialariekin lan egiteko. Eurekin partekatu ditut nire datuak eta elkarrekin hausnartu dugu konponbideak bilatzeko. Horrek ezustean harrapatu nau. Orain horrelako lorpenak izan ditudala eta hiru seme-alaba izanda, etxera itzultzeko gogoak ditut, baina ikusiko dugu non bukatzen dudan. 

Bekak eskatu ditut itzultzeko, badaude bideak ikertzaileentzat herrira itzultzeko, baina ez da erraza, esperientzia izanda ere. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide