JON BLANCO

“Hegazti eta ugaztunen aktibitatea monitorizatzea da gure egin beharra”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko martxoaren 15a

Hego Afrikako ekosistema desberdinetako ugaztun eta hegazti espezieak ikertu ditu Jon Blancok. / Aiaraldea.eus

JON BLANCO (Laudio, 1996) biologiako ikastekak egin ditu, eta Hego Afrikan dago orain 'Global Training' bekari esker. Bertako ekosistemak aztertu eta ugaztun eta hegaztiak monitorizatzen ditu

Zerk eraman zaitu Hego Afrikara?

Hego Afrikara azaro amaieran joan nintzen, Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen duen “Global Training” beka jaso nuelako. Beka honek atzerrian 6 hilabetez zuk ikasitakoa praktikan jartzeko eta trebatzeko aukera eskaintzen dizu. Nik biologia ikasi nuen EHUn, eta nire lana hemen, batik bat, hegaztien eta ugaztunen jarraipenean zentratzen ari da.

Zertan datza monitorizatze lan hori?

Lehenengo bi hilabeteak Lurmutur Hiria-n  eman nituen, eta han African Oystercatcher txori espeziearen ugal-sasoia monitorizatu genuen, espezie horren egoera ebaluatzeko. Lan hau Robben Island irlan burutu genuen, leku pribilegiatu bat ez bakarrik natura aldetik, garrantzi historikoagatik baizik. Robben Island-en Apartheid erregimenaren kontrako aktibista asko atxilotu zituzten, euren artean Nelson Mandela. Robben Island-ek injustiziaren aurrean askatasunaren aldeko borroka sinbolizatzen du.

Behin aurrekoa amaituta, Hego Afrika barnealdean dagoen Karoo eskualdera etorri nintzen, ekosistema nahiko lehor batera. Hemen naturaren kontserbazioa eta inpaktu baxuko abeltzaintza bateratu nahi duen proiektu batekin elkarlanean gabiltza. Helburu hori lortzeko, proiektuaren jabeak ekoturismo jarduerak eskaintzea erabaki zuen (txori eta ugaztunen behaketa, bertako biztanleen kultura eta bizimodua ezagutzeko tour-ak…). Gure eginbeharrak hemen, batetik, txori urtarren eta ugaztun gautarren aktibitatea monitorizatzea da, haiei buruz gehiago jakiteko. Bestetik, hemendik pasatzen diren bisitariak naturarekin zerikusia duten eginkizun txikitan inbolukratzen ditugu, txorien behaketan eta paisaiaren argazkigintzan, adibidez.

Zure lehenengo aldia da beste herrialde batean bizitzen?

Hego Afrikara etorri baino lehen Ingalaterran bizi izan nintzen. Egonaldi horrek ingelesa hobetzen lagundu zidan, eta ingelesa hemen gehien hitz egiten den hizkuntza ez den arren (11 hizkuntza ofizial ditu Hego Afrikak! eta ingelesa laugarren postuan dago, Zulu, Xhosa eta Afrikaans atzetik) orain arte ezagututako pertsona gehienekin erabili ahal izan dut.

Zer inpresio sortu dizu Hego Afrikak?

Hego Afrika herrialde guztiz multikulturala da, non jatorri desberdin askoko pertsonek bat egiten duten. Apartheid kontrako aktibista garrantzitsua izan zen Desmond Tutu artzapezpikuak “ortzadar nazio” gisa izendatu zuen Hego Afrika, kultura desberdinen arteko adiskidetasunaren balioa nabarmenduz.

Baina Hego Afrikak, Afrikako gainerako herrialdeak bezala, Mendebaldeko herrien kolonialismoa pairatu du. Herrialdean barneratu ziren lehenengoak holandarrak izan ziren XVII. mendean, eta ostean ingelesak heldu ziren. Bi kolonia hauen hedapenak bertako biztanleen pertsekuzioa eta errepresioa ekarri zuen, urte askoz. Eta horrela XX. mendearen erdialdera iristen gara, non jatorri holandeseko afrikaner gutxiengoak Apartheid deituriko arraza-segregazioa sistema inposatu zuen. Sistema honek iraun zuen 40 urte baino gehiagotan zehar, gizatasuna kendu zieten zuriak ez ziren pertsona guztiei: eskubideak ukatu, haien etxeak uztera behartu, Apartheid kontrako aktibistak akatu, kultura eta herri desberdinen artean gorrotoa sortu...

Duela hain gutxi gertatutako historia beldurgarri honekin, positiboki harritu nau kulturen arteko adiskidetasuna sustatzeko jendeak dituen gogo handiak. Ulertu egin dute hori dela historia berriz ez errepikatzeko dagoen modu bakarra. Uste dut hori dela hasierako momentutik hain besarkatua sentitu izanaren arrazoia, leku urrun batetik etorri arren. Eta sentsazioa hori izan da gehien gustatu zaidana.

Apartheidad-ak gogor markatutako herrialdea izanik, oraindik ere antzeman daiteke honen arrastorik?

Bai, oraindik ere antzematen da. Apartheid-ak ezabatzeko zaila den marka bat utzi zuen gizarte hegoafrikarrean. Kontuan izan behar da Apartheid-a duela gutxi desegin zela, 1992. urtean. Hego Afrikak 28 urte daramatza demokrazian, eta ez da izan, ezta izaten ari, bide erraza. Pobreziak eta berdintasun ezak jarraitzen du, korrupzio-kasuek politika astintzen dute eta gizartea desilusionatzen ari da, langabezia eta krimen-tasak altuak dira…honek ez du esan nahi gizarte justu batera heltzeko Hego Afrikak eta bere erakundeek euren iraganarekin “adiskidetzeko” ahaleginik egin ez izana, kontua da Apartheidaren itzala luzea dela, eta harengandik ihes egiteko denbora beharko dela.

Nola definituko zenuke bertako gizartea?

Hego Afrika desberdintasun ekonomiko handiena duen herrialdea da, esku gutxik herrialdearen aberastasun gehiena kontzentratzen baitute, langabezia eta pobrezia oso altuak diren bitartean. Honi Apartheid-ak gizartearen artean sortutako gorrotoa gehitzen badiogu, ulertzen hasten da zergatik den Hego Afrika krimen-kopuru altueneko herrialdeetako bat. Baina, dena den, gizartearekiko jaso dudan inpresioa oso ona izan da: jende irekia eta inklusiboa iruditu zait, norberaren kulturaren inguruan interesa aurkezten duena. Jende oso atsegina, nahiz eta batzutan nire pertsonarekiko (pertsona zuri batekiko) gehiegizko adeitasuna hantzeman dudala aitortu behar dudan, ziurrenik portaera hori mendekotasun eta morrantza inposatu zuen sistema baten herentzia izanik.

Afrikako beste herrialderik bisitatu duzu? Edo bisitatzeko asmorik?

Hau nire bigarren aldia da Afrikan, aurreko batean Tanzania bisitatu nuen. Sekulakoa, ere. Baina, oraingo bidaiaren desberdintasun handi bat zera da, naturari buruzko informazioa biltzeaz gain, Hego Afrikako errealitate sozial eta kulturala ezagutzeko aukera izan dudala, bidaia interesgarriagoa bihurtuz.

Beste herrialde batzuk bisitatzeari dagokionez, Hego Afrikak alboan dituen herrialdeak oso gomendagarriak diren arren (Namibia, Botswana, Zimbabwe, Mozambike), oraingoan Hego Afrika ezagutzen zentratuko naizela uste dut.

Noiz duzu eskualdera bueltatzeko asmoa?

Ekaina edo uztailean zehar bueltatuko naiz. Kontratua amaitu ostean Hego Afrika zein modutan eta zenbat denboraz bisitatuko dudan erabakitzeke dut oraindik.

Han, Euskal Herrian, txorien eraztunketa zientifikoa egiten duen proiekturen batean kolaboratzea gustatuko litzaidake. Bitartean, landa-lanean aritzeko aukera eskaintzen didaten lanpostuak bilatuko ditut, atzerrira berriz joan naitekeela onartuta izanda.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide