JUAN FRANCISCO GONZALEZ

“123 pertsona ukrainar ekartzen ari gara gure taxietan”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko mar. 16a, 13:23
Juan Francisco Gonzalez, bere taxian doazen bi haurrekin.

Polonia eta Ukraina arteko mugatik Euskal Herrira itzultzen ari da Juan Francisco Gonzalez taxi-gidari laudioarra. Bost errefuxiatu jaso ditu bere autoan. 

Poloniatik itzultzen ari da une honetan Juan Francisco Gonzalez gidari laudioarra, bere taxiarekin. “Laster iritsiko gara Irunera, eta Madrilera joko dugu zuzenean”, azaldu dio telefonoz Aiaraldea Komunikabideari. 

Ez doa bakarrik: beste gidari bat du bidelagun, txandaka gidatzeko, eta bost ukrainiar ere datoz eurekin. “Ama bat eta bi seme alabak eta beste ama bat bere semarekin”, zehaztu du Laudioko bizilagunak. Nabarmendu duenez, ametako bat alargun geratu berri da. “Atzo deitu zioten bere senarra hil dela esateko”. 

33 taxi joan dira guztira Polinia eta Ukraina arteko mugara, eta 123 pertsona jaso dituzte bertan. Ukrainako errefuxiatuentzat Madrilen atondutako gunera eramango dituzte guztiak. “Batzuk Frantzia iparraldean geratu nahiko lukete, baina ezin ditugu bertan utzi, Ukrainako Kontsulatuak denak Madrilera eramateko agindua eman duelako”. 

“Nire taxian datorren emakumeetako bati atzo deitu zioten bere senarra hil dela esateko”

20.000 kilo material

Poloniara ez dira esku hutsik joan txai-gidariak. 20.000 kilo material eraman dituzte, laguntza humanitario moduan. “Nik zerbait egin nahi nuen, baina Laudion ez zegoen ekimenik. Horregatik, Madrilera jo nuen, Taxi Federazioa zerbait antolatzen ari zela nekielako”. 

Oso hunkituta azaldu da Gonzalez. “Izugarria da bertan dagoena, ikusi behar da benetan jakiteko. Pabilioi batean dute sartuta jende guztia, eta guztiek nahi dute beste edozein herrialdera joan. Milaka eta milaka pertsona dira”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide