Laudioko gazteekin egindako STEAM diagnostikoaren ondorioak aurkeztu ditu Elhuyarrek

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mar. 16a, 13:15
Ikerketan parte hartu duten zenbait gazte hurbildu dira diagnosiaren aurkezpenera. / Aiaraldea.eus

Laudioko gazteek zientzia eta teknologia arloekiko duten interesa eta pertzepzioa neurtu ditu Elhuyarrek 'Laudio STEAM diagnosian'. Gaurko egitasmoa probestu dute herriko gazteen zientzia eta teknologiarekiko interesa handitzeko egitasmo berria aurkezteko: Laudio Bizilabe zentroa.

Aurkezpena egin dute gaur goizean Laudioko Udaleko udalbatza aretoan udal gobernuko ordezkariek eta Elhuyar elkarteko kideek. Herriko gazteekin egindako STEAM diagnostikoaren emaitzak aurkeztu dituzte bertan. 

La Milagorsa, Laudio BHI eta Laudio Ikastolako 14 eta 16 urte bitarteko 179 gaztek hartu dute parte guztira diagnosian. STEAM lanbideekiko pertzepzioa neurtzea, genero ikuspegia txertatzea eta STEAM alorrekiko gazteen interes maila baloratzea ziren azterketaren helburuak. 

Genero estereotipoak

Genero estereotipo tradizionalek gazteen interesetan duen eragina ikertu du Elhuyarrek garatutako diagnosiak. Oro har, neskek mutilek baino urrunago ikusten dute euren burua STEAM arloko ogibideetatik. Ikasketei dagokionez, neskek irakaskuntza, hizkuntzak edota osasun arloarekin erlazionatutako ibilbideak hautatzen dituzte nagusiki. Mutilek, ordea, ingeniaritzak eta zientzia eta teknologiarekin erlazionatutako ikasketak dituzte lehentasun.

Nesken %50ak uste du genero desberdintasuna dagoela zientzia eta teknologiarekin erlazionatutako lanbideetan

Genero arrakalagatik galdetuta, pertzepzioa ere oso bestelakoa da alde batean zein bestean. Nesken %50ak uste du genero desberdintasuna dagoela zientzia eta teknologiarekin erlazionatutako lanbideetan. Kontrara, mutilen %20ak bakarrik du ikuskera hori. Elhuyarrek adierazi du ere pertzepzio hau hobetu egiten dela eskualdeko STEAM arloko lan baldintzengatik galdetzerako orduan.

Gazteen pertzepzioa

STEM profesionalak "pertsona langileak, jakintsuak, argiak eta pazientzia handikoak" direla uste dute gazteek, diagnostikoan arabera. Gazteek ikasketa prozesu luze eta zorrotzarekin lotzen dituzte zientzia eta teknologiak. Elhuyarrek egindako ikerketaren arabera, eta horrek areagotu egiten du ikasleek bestelako ikasketak hautatzeko aukera.

Gazteen % 30ek ez dute eskualdeko industria ezagutzen, eta eskualdeko industrian lan egiteak ez ditu bereziki erakartzen

Pertzepzio horrek eragin zuzena du gazteek STEAM arloan lan egiteari dagokionean duten gaitasun-maila baloratzerako orduan. Neskek eta mutilek ez diote euren buruei gaitasun-maila bera aitortzen; mutilen % 49,4k eta nesken % 34,3k ikusten dute beren burua sektore horretan lanean.

Beste aldagai bat ere mahigaineratu du diagnosiak: Gazteen % 30ek ez dute eskualdeko industria ezagutzen, eta eskualdeko industrian lan egiteak ez ditu bereziki erakartzen. "Halere, badira eskualdeko industria eta lana gauza positiboekin lotzen dituzten gazte batzuk, neskak zein mutilak" nabarmendu du ikerketak.

Bildutako iritzi guztiak aintzat hartuta, Elhuyarren ikerketak ondorioztatu du STEM jardueraren inguruko ezagutza baxua dela eta neskek mutilek baino bokazio zientifiko-teknologiko baxuagoa dutela.

Bizilabe zentroa

Hori dela eta, gaurko ekitaldia probestu dute herriko gazteen zientzia eta teknologiarekiko interesa handitzeko egitasmo berria aurkezteko. Izan ere, Elhuyarrekin lankidetzan, Bizilabe Laudio proiektua jarriko dute abian 2022-2023 ikasturtean, Laudioko gaztelekuan irekiko duten Bizilabe zentroan. "Zientzia eta teknologiarekin lotutako jarduerak eta eskolaz kanpoko bizipenak eskainiko ditu aurten Bizilabek gazteentzat" adierazi du Garazi Andonegi Elhuyarreko kideak.

Aisialdia eta teknologia uztartzen dituen programazioa garatuko dute zentroan, eta apirilean hasi nahi dute lehenengo jarduerak egiten. 2022-2023 ikasturtean, ordea, programazio osatuago bat aurkeztuko dute. Orotariko ekintzak aurreikusi dituzte: esperimentuak, profesionalen bisitak edota bisita gidatuak STEAM arloko lantokiak ezagutzeko.

Diagnostikoan gazteek erakutsitako interesa eta parte hartzea eskertu ditu Ander Añibarrok. Alkateak nabarmendu du Laudioko eta inguruko enpresek gero eta gehiago behar dituztela STEM arloko profesionalak: "Gaur egungo gazteek bermatu behar dute Laudioko industriaren eta jardueren etorkizuna".

Loli Muriel Gizarte Garapen eta Berdintasunerako zinegotziak, bere aldetik, azpimarratu du ezinbestekoa dela neska gazteak zientzia eta teknologiara erakartzea, "haien parte hartzea ezinbestekoa baita".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide