ALBERTO ETXEBARRI ETA JAVIER BARBARA

“Telebistak erakusten duena larria da, baina Poloniako mugan egoera larriagoa da”

Aitor Aspuru Saez 2022ko mar. 18a, 18:07

Alberto Etxebarri eta Javier Barbara Laudion daude jadanik. / Aiaraldea.eus

Alberto Etxebarri eta Javier Barbara Laudiotik Poloniara joan ziren pasa den astean, Errusiaren inbasioak eragin dituen Ukrainako errefuxiatuak laguntzera. Material ugari eraman zuten furgoneta batean, 1.500 kilo guztira.

Nola bururatu zitzaizuen Poloniaraino joatea elkartasun materiala uztera?

Javier Barbara: Mimito´s dendara joan ginen laguntza eskaintzera eta esan ziguten ez zutela jasotakoa nola eraman. Ez zegoen jenderik horretarako eta lehenik eta behin Albertok eta gero nik eman genuen izena horretarako.

Alberto Etxebarri: Laguntza eskatu genion Laudioko Udalari furgonetaren alokairua, erregaia eta ordainsariak bere gain hartzeko. Izan ere, oso garestia da bidaia. Baiezkoa jaso genuen.

J. B.: Gainerako gastuak guk bion artean ordaindu genituen.

Zenbat eguneko bidaia izan da?

A. E.: Hiru egun behar izan genituen joateko eta beste hiru itzultzeko. Egun bakarra egon ginen bertan.

J. B.: Astebeteko kontua izan da, zazpi egun eta sei gau. Berez, nahiko berandu atera ginen eta Chalon Sur Saone hirira heldu ginen lehen egunean.

"Astebeteko bidaia izan da"

A. E.: Estrasburgotik hurbil dago. Hurrengo egunean ia mila kilometroko ibilbidea bete genuen eta Dresdera joan ginen, Alemanian.

J. B.: Eta handik Poloniara jo genuen, Rzeszowera, Ukrainako mugatik 80 kilometrora. Han zegoen biltegia eta han egin genuen lo.

A. E.: Hor zegoen talde bat, 7 lagunez osatuta. Bazeuden poloniarrak, kanadiarrak eta ukrainarrak. Lan pilo zuten. Heltzen diren furgonetak, autobusak…

Hor utzi zenuten dena?

A. E.: Bai, biltegi oso handia zen Rzeszowekoa eta elikagaiak, higiene pertsonalerako produktuak, lo zakuak, arropa termikoa… gauza mordoa zuten. Deskargatu ostean, lo egitera joan ginen, oso berandu baitzen. Bidaiaren lehenengo afari beroa hartu genuen, aurreko egunetan ogitartekoak jan genituen eta. Heldu eta gero lasaitu ginen eta helburua betetzat jo genuen.

J. B.: Gauean joan ginen Przemysleko tren geltokira eta kolpe handia izan zen. Txundigarria zen. Negarrez hasi ginen biok.

A. E.: Umeak eta emakumeak zeuden nonahi. Milaka, eta gehienak umeak. Emakumezko bakoitzak bi edo hiru haur zituen. Oso txiki sentitu ginen arazoaren tamaina ikusita.

"Przemysleko tren geltokian negar egin genuen. Oso txiki sentitu ginen arazoaren tamaina ikusita"

J. B.: Esan beharra dago oso ondo antolatuta zegoela dena. Armada, polizia, boluntarioak, suhiltzaileak, babes zibila… erakunde andana zegoen geltokian bertan, denak laguntza emateko prest. Han erregistroa egiten zuten eta gero bideratzen zituzten Varsovia edo Krakovia hirietara.

Mugara hurbildu zineten?

J. B.: Bai, hurrengo egunean. Hor irudia latzagoa zen.

A. E.: Hara heltzen dira Ukrainatik trenez, autoz, autobusez… Nazioarteko Harrera Zentroa da. Merkatal zentro baten tamaina dauka eta hara heltzen dira errefuxiatuak.

J. B.: Jende pilo zegoen hor laguntzen; norbanakoak, Gobernuz Kanpoko Erakundeak… Laupabost ordu igaro genituen.

A. E.: Lan apur bat egin genuen Galdakaoko Boluntario Gizarte Elkartearekin. Galdakaoko Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Ertzain batzuekin ari ziren elkarlanean jendea Euskadira bidaltzen eta autokarabana zuten hor bulego moduan.

J. B.: Krakovian abade-etxe bat egokitu dute errefuxiatuak hartzeko. Gela pilo, lurra eta biltegia dituzte.

A. E.: Eta horren ostean, etxera itzuli ginen. Beste hiru eguneko bidaia.

Zein aztarna utzi dizue bidaiak?

A. E.: Bizitza esperientzia ahaztezina izan da. Oso gogorra eta hunkigarria.

Jarraitu nahi duzue elkartasuna lantzen?

J. B.: Bai, baina ez gure kabuz, orain egin dugun moduan, baizik eta Galdakaoko Gobernuz Kanpoko Erakundearekin.

A. E.: Proiektu xumea abiatu nahi dugu. Antolatzea hitzaldi bat Gobernuz Kanpoko Erakundeekin eta inguruko jendearekin, norberak bere esperientzia kontatzeko. Kontzientzia sortu nahi dugu. Telebistan ikusten dena larria da, baina hangoa larriagoa da. Jendeak konfiantza izan behar du Gobernuz Kanpoko Erakundeengan eta ekarpenak egin.

J. B.: Erakunde horiek urteak eman dituzte horrelako egoeratan laguntzen.

Pasadizoren bat ekarri duzue bidaiatik?

A. E.: Polonia eta Ukrainako mugan topo egin genuen familia batekin. Ez zuten ezer nahi, baina ume txiki bat zuten eta berarentzako oihaltxoak eta pardelak erosi genizkien. Hurrengo egunean, 500 kilometrora, Krakovian berriro lagundu genituen, ez baitzuten poloniarra ulertzen. Ba harrigarria bada ere, Pragan ere topatu genituen, Alemaniara joaten ari baitziren.

Bestalde, une polita bizi izan genuen: Laudioko familia batek bere etxea eskaini zion Ukrainako familia bati herrian, gastu guztiekin, eurak Bilbon bizi baitira. Negarrez onartu zuten eskaintza.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide