Faktorian aurkeztu dute 2022ko Arabako Bertsolari txapelketa. Bertsozale Elkarteko hitzartzearen ondotik, Serapio Lopez Aiarako Bertso Eskolako kideak hartu du hitza. Eskualdeko eragilearen historiaren errepasoa egin du, hastapenetatik gaur arte. Ondoren, Unai Mendibilek hartu dio lekukoa, bailarako ikastetxeetako bertsolaritza irakasleak eta Faktoriako Bertso Eskolako kideak.
Arabako Bertsozale Elkarteko Egoitz Iradierrek azaldu duenez, ibilbide luzea egin du Arabako Bertsolari Txapelketak: "1982. urtean hasi zen Arabako bertsolaritzaren historia garaikidea, Aiaraldeko eta Gasteizko bertso eskolak sortu zirenean". Geroztik, formatu eta plaza asko izan ditu Arabako ekimenak: 1987. urtetik 2000. urtera Araba eta Bizkaiko txapelketa izan zen, ahalik eta Arabako Bertsozale Elkarteak 2000. urtean bere bidea egitea erabaki zuen arte. 2010ean Arabako Kuadrilla arteko Bertsolari Txapelketa antolatu zuten, eta geroztik bi urtero txandakatzen da banakako eta taldekako lehia, 2021. urteko salbuespenarekin, COVID-19a medio.
Txapelketaren egituraketa
2022ko edizioak 30 bertsolari bilduko ditu final zortzirenetan (5 saio), 18 kide final laurdenetan (2 saio), 12 finalerdietan (2 saio) eta 6 finalean. 10 emanaldi izango dira guztira, eta ekainaren 11n ospatuko dute finala Gasteizen. Aurtengo egitasmoak, gainera, pizgarri berezia du: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako sailkatuko dira txapelduna eta txapeldunordea. Informazio guztia Bertsozale Elkartearen webgunean eta sare sozialetan egongo da eskura.
2022ko edizioak 30 bertsolari bilduko ditu final zortzirenetan (5 saio), 18 kide final laurdenetan (2 saio), 12 finalerdietan (2 saio) eta 6 finalean
Apirilaren 1ean, ostiralean, hasiko da lehia, Amurrioko Kultura Etxean. Bertan arituko dira kantari Iñaki Viñaspre, Paula Amilburu, Unai Anda, Xabier Antia, Eukene De los Aires eta Aitor Najera. Gainontzeko saioak eta datak, ondorengoak izango dira:
- Apirilaren 2an, 17:30ean Biasteriko Kultur aretoan: Manex Agirre, Aitor Ugarte, Manu Bendala, Ander Aranburu, Unai Gomez eta Asier Otamendi.
- Apirilaren 3an, 17:30ean Trebiñuko Gizarte Etxean: Xabi Igoa, Andere Arriolabengoa, Irati Anda, Oier Arbina, Danel Herrarte eta Asier Rubio.
- Apirilaren 8an, 20:00etan Legutioko Kultura Etxean: Oihane Perea, Rikardo Gonzalez de Durana, Unai Bengoetxea, Orlando Arreitunandia, Xabier Lasa eta Ekaitz Samaniego.
- Apirilaren 9an, 17:30ean Langratizeko Zentro Soziokulturalean: Peru Abarrategi, Felipe Zelaietan, Maddi Agirre, Iñaki Cabeza, Unai Mendibil eta Markel Yoller.
Final laurdenak maiatzaren 7an, 8an eta 14an jokatuko dira, finalerdiak maiatzaren 28 eta 29an eta finala ekainaren 11n Gasteizko Maria Maeztu audiotorioan (Europako Biltzar Jauregian). Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eskuratu ahalko dira, eta saio guztietarako bonua ere erosteko aukera egongo da Arabako Bertsozale Elkartera deituta.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!