Garnica enpresak jakinarazi du 5 milioi euro baino gehiago inbertitu nahi dituela Laudioko bere lantegian -Maderas de Llodio-. Pinuz eginiko kontratxapatuaren ekoizpen gaitasuna handitu nahi dute diru horrekin, dibertsifikazio estrategia berri bat garatzearekin batera.
Filmezko kontratxapatuen ekoizpen gaitasuna eta kalitatea handitzea ere espero dute, lantegian “puntazko teknologia” ezarrita. Era berean, pinuak hobeto ustiatzea espero dute, hondakin eta soberakinak murrizteko. Hori guztia eginda, 20.000 m3 taula gehiago ekoiztea espero dute.
Produkzio horretan guztian, pinua eta eukaliptua izango dituzte lanabes. Azaldu dutenez, erabiltzen dituzten zuhaitzak “zonaldeko landaketa jasangarrietakoak” dira, “modu arduratsuan” kudeatutakoak.
Apiriletik aurrera abian
Garnicak jakinarazi duenez, 2022ko bigarren hiruhilekoan ekin nahi diote egitasmo berri honetan lan egiteari, hemendik urtebetera amaitzeko. “Aipatutako hobekuntza guztiak Garnicaren estrategia globalaren parte dira, zonaldeko landaketa jasangarriteako egurrak baliatzen dituzten produktuen garapena indartzea helburu”, nabarmendu dute.
Sindikatuek, informazio gehiagorik ez
Aiaraldea Komunikabidea langileen ordezkariekin jarri da harremanetan gaiaren inguruan galdetzeko. LAB sindikatuak -gehiengo du lantegian- jakinarazi du ez dutela albistearen gaineko informazio gehiagorik. Duela hilabete batzuk jakinarazi zieten 5 milioi euroko inbertsioa egingo zutela, baina ez zieten datu gehiagorik aipatu.