Nerea Iglesias musikari eta artista laudioarrak bere musika laga dio Besaulkia podcast saioari, bere lehen atala ekoiztu dezaten. Maider Arregi, Mijo Lizarburu eta Ainhoa Urien dira komunikazio proiektu horren sortzaileak.
Iglesiasen laguna da Urien, eta berak proposatu zion musika erabiltzea. "Berarekin sorkuntza elkarlanak egin ditut", azaldu du sortzaile laudioarrak, "hortaz, filosofia proiektu honetan hasi zirenean, Ainhoak esan zidan gustuko zuela Maitasunaren formak piano sorkuntza, eta galdetu zidan ea beraien esku jartzerik nuen. Baietza eman nion. Horrela, Maitasunaren formak piano sorkuntzako mugimenduetako batzuk ageri dira podcastean. Piano sorkuntza hori Mariage d'amour emanaldiaren harira jaio zen, eta gerora, beste espazioetan (sorkuntza tailer formatuan) edota kasu honetan pocastean, parte-hartzen eta esplorazioak bideratzen jarraitzen du".
Besaulkia saioaren lehen edizioa atzo sareratu zuten eta Michelle Foucault filosofo frantziarra du hizpide, 'Nia, banakoa sortzen eta erregulatzen duen dispositiboaren baitan' izenburupean. Spotify zein Ivoox plataformetan entzun daiteke.
Berez, saio hori Basilika' egitasmoaren barruan kokatzen da, eta sortzaileek horrela definitzen dute: "podcasting espazio bat da, honako interesetik abiatzen dena: pentsamendu konparatuan, hausnarketa kritikoan eta gaur egungo kultur ekoizpenaren forma desberdinen gaurkotasun-harremanetan arakatzea. Donostian eta Bilbon oinarrituta, kezka-talde heterogeneoa (artistak, idazleak, programatzaileak, zinegileak) eta egiteko moduak biltzen ditu, kultur dimentsioko podcast-programa espezifikoak eta aldizkakoak ekoizteko".
Besteak beste, Gorka Bereziartua Argiako kazetariak parte hartzen du proiektuan.