Asteazkenean gauean, Latiorro auzuneko Apaloetan norbaitek bi gurpil zulatu zizkion hango auzokide bati. "Arraroa da, 15 auto gehiago zeuden eta bakarrik zulatu dituzte nire gurpilak" azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari ibilgailuaren jabeak.
Herritarrak ez daki zergatik gertatu den erasoa. "Oro har nire garajean uzten dut autoa eta justu egun horretan kalean aparkatu nuen. Bakarrik bururatzen zait norbaiti txarto iruditu zitzaiola" adierazi du. Edonola ere, gurpilak konpontzera eraman dituenean, tailerrean aipatu diote horrelako kasuak izaten ari direla garraiolarien grebaren testuinguruan.
Autoaren jabeak ez du momentuz salaketa jarri, eta Laudioko Udaltzaingoak ez du horrelako gertakarien berririk: "Behin jazotzen denean, jendeak ez du salatzen. Hain zuzen, salaketak egiten dituzte behin baino gehiagotan zulatzen dizkietenean gurpilak", azaldu du poliziak.