Laudioko 2022ko inbertsio planean integratzeko bederatzi proiektu aurkeztu ditu aste honetan EH Bilduren udal taldeak. “Gure ustez oraindik ez dugu pandemiak eragindako ondorio sozioekonomiko guztiak gainditu eta horri Ukrainako gerrak sortu duen krisi ekonomiko larria gehitu behar diogu. Horregatik, Laudiok premiaz egoera berriari erantzun behar dio eta bere baliabide guztiak, baita beste erakundeetatik jaso dituenak ere, etorkizuneko erronkei erantzuteko norabidean jarri behar ditu. Horri begira osatu dugu proposamena” azaldu du Santi Hernando bozeramaileak proiektuak aurkezterakoan.
Gazteentzako alokairuko sozialeko etxebizitzak zein adinekoentzako etxebizitza komunitarioak dira proposamenean jaso dituzten proiektuetako bi. Aldai Plazan, udaletxearen alboan, dagoen orubean proiektatu dituzte bi proposamenak, eta Arabako Foru Aldundiaren zein Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin egitea aurreikusi dute.
Emakumeen etxea da jaso duten beste proiektu bat, “emakumeok indibidualki zein kolektiboki ahalduntzeko eta feminismoa bultzatzeko elkargune eta espazio segurua” egikaritzeko.
Proiektu gehiago
Nagusien egoitza zaharraren eraikina zaharberritzea eta Herriko Plazako lurzorua aldatzea ere planteatu du opozisioko taldea, udaletxean aurkeztutako proposamenean. Kirol eta kultur arloan, aldiz, honakoa proposatu dute: Ellakuriko udal igerilekuetan ostalaritza jarduera hobetzeko eta ordutegia zabaltzeko aukera emango duen proiektua abian jartzea, San Martin futbol zelaian harmailak atontzea edota Gardeako instalazioen gaineko azterketa sakon bat egitea.
Aretako Kultur Etxeari begirako proposamenak ere bildu dituzte: tabernako sukaldea egokitzea eta saneamendu-sarea eta komunak berritzea. Laudioko Kultur Etxeari dagokionez, berriz, bertako obrak iraun bitartean behin behineko espazioen erabilera ahalbidetzea eskatu du EH Bilduk.
Bukatzeko, kontsumo baxuko argiteria herriko puntu gehiagotara hedatzea eta panel informatiboen sarea handitzea proposatzen dute.