Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Musika urbanoak ez nau guztiz ezaugarritzen”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko api. 13a, 06:00

ANA REBELLATO DEL HOYOk (Uruguai, 2001) duela lau urte ekin zion musika ekoizteari, 'Neiffer' izen artistikoarekin. Hainbat proiektu ditu esku artean. 

2018an hasi zinen musika egiten, pandemia aurreko garaietan. 

Nire familian beti egon da musika presente. Nire ama piano irakaslea zen. Gitarrarekin hasi nintzen, YouTubeko bideoak ikusita. Hasieran gaizki abesten nuen, ez nuen ahots politik, nolabait esateko. Baina denborarekin hobetzen joan nintzen. Egunero abesten nuen, eta nire burua grabatzen nuen, oso modu autodidaktan. 

Nire kuadrillako batekin bildu nintzen eta abesti bat grabatzen hasi ginen, YouTubeko base bat hartuta. Gustuko izan nuen eta aurrera jarraitu genuen. Ondoren, nire kanta propioak osatzeari ekin nion. 

Horrela hasi nintzen rapeatzen. Nire neba beti egon da raparen munduan murgilduta, eta bere eragina izan dut. Txikitatik idazten dut, baina raparekin batera hasi nintzen kantak idazten. 

Lyrikan ezagutu nuen eta begirada zabaldu zidan. Genero berriak probatzeari ekin nion, musika urbanoaren barruan. Oso prozesu naturala izan zen. 

Gaur egun musika ekoizle batek sortzen dizkit instrumentalak eta berarekin grabatu eta editatzen ditut abestiak. Bilboko hainbat ekoizleren musikak baliatu ditut plazaratu ditudan abestietan eta laster plazaratuko ditudanetan. 

Plazaratu duzun azken abestian (Yo&Tu) aldaketa sumatu daiteke aurrekoekiko. 

Unean uneko eraginak izan ditut. Lyrikan eta Aiala Dot izan ditut erreferente, eta baita Bilboko musika urbanoko eszenaren beste artista batzuk ere. Ez dut uste musika urbanoak guztiz ezaugarritzen nauenik. Sustraiak ditut musika latinoan, tangoetan, bulerietan eta txikitan entzuten nituen musika estilo horietan guztietan. 

Bitxia da: bi urte igaro ditut musika urbanoa egiten, eta nire sustraietara itzuli naiz orain, hasiera puntura. Unean uneko eraginek eraman ninduten musika urbanora saltoa egitera. Orain, aldiz, musika akustikora itzultzean, nire buruarekin eta sustraiekin egin dut topo berriz.  

Musika urbanoaren eta akustikoaren artean topatu duzu zure estiloa, beraz.

Hori da, horretan nago. 

“Laudion badago talentua duen jendea, baina ez dago hori garatzeko baliabide nahikorik”

Aipatu duzu hainbat kantu dituzula esku artean. Zer asmo dituzu 2022. urterako?

Une honetan garrantzitsua da bideoklipak ere plazaratzea, eta horrek asko luzatzen du prozesua. Bi urte daramatzat nire lan berria grabatzen. Abestika plazaratuko dut, baina álbum bat izango da, kanta guztiek izango dutelako hari bera. Musika urbanoko hainbat estilo jorratuko ditut bertan: trap, dancehall, drilla… une honetan bogan dauden generoak. 

Gustuko ditut musika horiek, baina badut oso bestelako lan bat esku artean. Disko kontzeotualagoa izango da. Hainbat gai jorratu nahi ditut, pertsonen figuretan irudikatuta. Sentimenduak (beldurra, poza…) pertsonifikatu nahi ditut letretan. Datorren urtean plazaratu nahiko nuke. 

Zure lehenego abestietako letrek rap kutsu handia dute. Zure azken abestiak, aldiz, askoz letra sinpleagoa dauka. Letretan ere emango duzu aldaketa?

Bai. Yo&Tu abestiak harreman handiagoa dauka laster plazaratuko ditudan beste abestiekin. Espazio gehiago dago letren artean. Badago mezua, baina ez da horren argia. 

Nire konposatzeko modua kasuaren araberakoa da. Ez dut bilatzen, suertatzen zait. Kasu batzuetan, melodia bat gustatzen zait eta horren arabera osatzen dut letra. Baina badut beste abesti bat zeinetan guztiz kontrakoa egin dudan: letra egiten hasi naiz eta gero sartu dut musika. Ez da gauza automatiko bat. 

Dena den, egia da azken urteetan egin ditudan abestietan musikatik abiatu naizela. Instrumentala entzun dut lehenbizi, ahotsaren melodia sortu dut gero eta, amaitzeko, letra idatzi dut. Hori da gaur egungo artistek egiten dutena, sortzen dutena natural entzun dadin. 

Baina orain dudan dinamika ezberdina da: gitarrarekin konposatzen ari naiz, ekoizle baten laguntzarekin. 

“Aldarrikapen personal eta, batzuetan, sozial gisa irudikatzen dut nire musika”

Gai personal zein politikoak jorratzen dituzu kantuetan. Unearen arabera eginiko hautua da?

Letrek badute funtzio aldarrikatzailea. Excéntrica kantua, adibidez, pertsonala da, baina badu bere zentzua, eragiteko sortua da. Beste letra batzuetan, aldiz, ez ditut gai sozialak jorratzen, baina badute eragiteko asmoa, gai pertsonalak izan arren. 

Orain plazaratuko ditudan abestietako batzuk ez dira horren indartsuak, duela bi urte eginikoak direlako. Aldarrikapen personal eta, batzuetan, sozial gisa irudikatzen dut nire musika. 

Lyrikan eta Aialarekin hasi zinen musikaren munduan murgiltzen. Beraiek aurreko hamarkadaren hasieran hasi ziren musika ekoizten. Hurrengo belaunaldikoa zara zu. Nola ikusten duzu Aiaraldeko musika eszena uneotan?

Hasieran eragin handia izan zuten nigan. Bilbora jo nuen gero, eragin berrien bila. Artista oso onekin egin dut topo. Emakume talde batean ere nago, . Musika urbanoa egiten dugu eta laster ekingo diogu gauzak plazaratzeari. Eurek ere asko eragin didate. 

Horrez gain, nik beti entzun dut musika organikoa: pianoa, gitarra, bateria… zuzeneko musika jotzea dut gogoko. Horiek dira nire eraginak. 

Egia da nik inspirazio handia jaso dudala nire inguruan egon diren pertsonetatik. Duela gutxi berriro hasi naiz hitz egiten nirekin batera abesten hasi zen lagunarekin. Animatzen ari da nirekin batera abestera, eta kanta bat sortzen gabiltza elkarrekin. Berak ez du kanpora irten eta jende gehiago ezagutzeko aukerarik izan. Potentzialitate hori duten pertsonek askotan ez dute talentu hori garatzen, euren inguruak laguntzen ez dielako eta baliabiderik ez dutelako. 

Pentsatu dut ondo egongo litzatekeela tailer bat egitea, ezinegon artistikoa duten gazteek zaletasun hori garatzeko aukera izan dezaten. Egia da ez dagoela ekimenik. 

Laudion badago talentua duen jendea, baina ez dago potentzialitate hori garatzeko baliabide nahikorik. Ni nire garagean hasi nintzen abesten, nire kabuz erosi nuen mikrofono batekin. Gero Lyrikan ezagutu nuen eta berak ireki zikzidan ate asko, baina bera ezagutu izan ez banu baliteke une honetan garagean abesten jarraitzea, edo musika uztea. Asko lagundu zaitzake bultzada bat izateak. 

Zuzenekoak eskaintzeari ere ekin diozu. Ezberdintasun asko egongo da taula gainean plazaratuko duzunaren eta grabatutakoaren artean?

Bai. In crescendo doan zuzeneko bat prestatzen saiatzen ari naiz. Gitarrarekin hasi nahi dut emanaldia. Bertsioren bat joko dut, giroa berotzeko. Nire abesti propioetara egingo dut salto gero. Ondoren, kitarra albo batean utzi eta intrumentalen gainean abesteari ekingo diot. Abesti lasaiak lehenbizi, indartsuenak amaierarako uzteko. 

Poesia liburu bat ere osatzen nabil. Aurten argitaratu nahiko nuke. Bilduma bat izango da, olerki andana sortu dudalako idazten hasi nintzenetik. 

Musikak balio dit gauzak modu sinple eta zuzenagoan askatzeko. Poesia, aldiz, guztiz kontrakoa da: gauzak modu ez-zuzenean plazaratzeko balio du. Eragitea da nire olerkien xede nagusia, norbait hunkitu ahal izatea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide