Zergatik erabaki zenuen Thailandiara bidaiatzea?
2018-an nire ikasketen harira Asiara etorri nintzen hilabete batzuk igarotzera. Hauetako batean, 10 egun libre nituela, Thailandiara jauzi egin nuen eta ordutik maiteminduta nago herrialde honekin. Etxean bueltan nengoela zin egin nion nire buruari aitzakia bat bilatu behar nuela hona bueltatzeko. Esan eta egin, COVIDaren kontrako neurriak baretu zirenean Euskal Herriko bizitza utzi eta urte baterako motxila egin nuen, hurrengo hilabeteetan Tailandia eta inguruko herrialdeak patxadaz bizitzeko ideiarekin. Orain bi hilabete daramatzat bidaiatzen Thailandiatik.
Aurretik egona zara, aldaketarik sumatu duzu?
Aurrekoan Thailandia, India eta Txinan egon nintzen. Oraingoan Thailandia desberdin bat aurkitu dudala esango nuke, ez bakarrik COVIDaren kontuak eragin duen egoera berriarekin, bidaia motz-bat izatetik zehaztu gabeko bidai bat izatera salto egitean perspektiba ere aldatzen da, oraingoan bisitatzen ditudan lekuak detailez ikusi nahi ditut, bertako jendearekin harremana izan, disfrutatzeko denbora hartu.
Asiako beste herrialderen bat bisitatzeko asmoa duzu oraingoan?
Apirilaren amaieran Vietnamera noa, printzipioz pare bat hilabeterako, baina oraindik bisaren kontuarekin borrokan nago. Azkenengo asteetan aldaketa asko egon dira sartzeko eskakizunei dagonionez, neurriak asko leundu dira, eta horrek herrialdez herrialde joateko aukera ireki du berriro. Herrialdera iritsi nintzenean, urtarrilaren amaieran, Thailandiak aurretiazko PCR-az aparte heldu berri beste proba bat egitea eskatzen zuen, eta honen emaitza heldu arte itxialdia.
Iritsi eta 5 egunera ere hirugarren proba bat egin behar izan nuen. Orain aldiz herrialde gehienek aurretiazko froga eskatzen dute bakarrik, eta horrek papeleo kontua errezteaz gainera, dirua aurreztea ere bada
Gizarte oso desberdin batekin egingo zenuen topo bidaian.
Asko harritzen eta gustatzen zaidan kontu bat, gauetan dagoen bizitza da. Thailandiarrek egunez ordu luzez egiten dute lan, baina gau partean (17:30etik aurrera) jendea kalera eta merkatuerara ateratzen da. Kaleak jendez betetzen dira. Gaueko merkatuek betetzen dituzte kaleak, jateko eta edateko produktu askorekin. Kuriosoa da ere motorren kontua, denetarik ikus dezakezu, 8 urteko umeak gidatzen, 5 pertsona motor berdinean... edozer! Eta ez hori bakarrik, gehienek kaskoa baino maskarilla jartzen dute! Nik nahiago buruko kolpea ekidin!
Noiz duzu Aiaraldera bueltatzeko asmoa?
Hilabete bateko prebisioarekin ibiltzen naiz gehienetan, hortik aurrera ideia desberdinak ditut, baina egoerak, gogoak eta diruak zehaztuko du nora joan eta noiz itzuli. Printzipioz urte amaierarako bueltan egongo naizela uste dut, baina auskalo. Bi hilabete kanpoan daramadan arren oraindik bidaiaren hasieran nagoela sentitzen dut, Euskal Herrira bueltatzeko gogo handia daukat, etxeko janari goxoa, lagunak eta familiarekin egoteko baina oraindik gauza asko ditut ikusteko hemendik.