Laudio Basabideak proiektua aurkeztu dute gaur goizean Arraño mendian. 42 kilometroko eraztun berdeak udalerriko ingurune natural eta kulturalak lotzen ditu, bisitari eta herritarrei hauetaz gozatzeko ibilbideak proposatuz.
Ander Larrinaga estrategia eta hiri-garapen zinegotziak nabarmendu duenez, Laudioko ingurune naturala balioan jartzea da proiektuaren helburua. Ibilbide guztiek Lamuza Parkea izango dute abiapuntu, eta pertsona orori egokituak egongo dira.
Behin proiektua aurkeztuta, bideen seinalizazioa abiatuko dute aurki. Horretarako 20.000 euroko inbertsioa egingo du tokiko erakundeak, eta besteak beste, Arabako Mendi Federazioarekin ari da lankidetzan eraztun berdea bidezidor homologatuen katalogoan sartzeko, ibilbide txiki (PR) bezala.
Larrinagak udan aurreikusi du proiektua bere osotasunean egikaritzea, baina aurreratu du honezkero eraztun berdeaz gozatzeko aukera dagoela. Hain zuzen ere, Laudioko Udaleko webgunean eskegiko dituzte ibilbideak jarraitzeko track-ak.