Polizia Nazionalak ihesean zegoen pertsona bat atxilotu zuen Laudion, Alacanteko 8 eta 12 urteko bi anairi sexu erasoak egiteagatik. Otsailaren 25an atzeman zuten, baina orain arte ez dute horren gaineko informaziorik eman. Poliziak azaldu duenez, atxilotuak bere anaiaren dokumentazioa zeraman, eta beste hainbat segurtasun neurri baliatzen zituen legeari iskin egiteko.
Gauzak hala, Laudioko bere bizitokiaren atarian atzeman zuten, baina Bilboko komisaldegira eraman zuten identifikatzera, eta bertan atxilotu zuten ofizialki.
Ugarte auzunean atxilotu zuen Polizia Nazionalak gizonezkoa otsailaren 25ean
Aiaraldea Komunikabideak jakin izan duenez, Ugarte auzoan bizi zen atxilotua bere egungo bikotekidearekin. Kalez jantzitako poliziak egon ziren atxiloketaren aurreko egunetan auzoan eta auzokide batzuek agenteekin hitz egin zuten atxiloketa gertatu baino lehen.
18 urteko kartzela zigorra
Epaileak 18 urteko kartzela zigorra ezarri zion atxilotutari, 2015ean Alacanten 8 eta 12 urteko bi anairi sexu abusuak egiteagatik. Poliziak azaldu duenez, atxilotua bi haurren senidea eta bizilaguna zen, eta gurasoak kanpoan zeuden uneak baliatzen zituen eurak erasotzeko.
“Edozein praktika egiteari uko egiten bazioten, hainbat metodoren bidez erasotzen zituen, bere nahiak bete zitzaten. Batzuetan, gerriko batekin jotzen zituen, edo atzamarrak zulatzen zizkien guraize batzuen puntekin. Gurasoek lesioen jatorriaz susmorik izan ez zezaten, behin eta berriz esaten zuen zauriak jolasean eta ustekabean gertatu zirela”, azaldu dute prentsa oharrean. Gurasoek jarri zuten salaketa.
Berez, hiru delitugatik bilatzen zuen justiziak: sexu erasoa, iruzurra eta sekretuak agerraraztea.