Cuerdas filma laburrak parte hartuko du Canneseko nazioarteko zinema jaialdian, maiatzaren 17tik aurrera. Zehazki, Kritikaren 61. astean egongo da Esti Urresolaren pelikula laburra.
Ezustekoa izan da hautaketa laudioarrarentzat, eta hala aitortu dio Aiaraldea Komunikabideari: "Ez nuen inoiz amestu ere egingo nire pelikula bat Cannesen egongo zenik".
Bi ekoiztetxeren laguntzarekin grabatu du Urresolak ikus-entzunezkoa: Gaiza Films eta Katz Estudio. Horiek erabaki zuten Canneseko zinema jaialdira eramatea lana eta horri esker parte hartuko du egitasmoan.
Cuerdas
Filmari dagokionez, honakoa azaldu du Urresolak: "Bilbon jardunaldi ekofeminista batzuetan parte hartu nuen. Mundu osoko ekintzaileak eta ordezkari politikoak zeuden eta euren artean Muskizeko bat ezagutu nuen, Sara Ibañez. Jardunaldien ostean, berarekin batu nintzen eta bere esperientziak kontatu zizkidan. Bere kide batzuen historiak ere jaso nituen. Gero, hori guztia baliatu nuen gidoia osatzeko".
"Cuerdas filma ahalduntze prozesu bikoitza izan da. Alde batetik, kontatzen duenagatik. Bestetik, emakume talde baten esperientziak aitortzen dituelako"
Ez da lehenengo aldia laudioarrarentzat: "Nor-nori-nork filman ere horrela egin nuen lan. Zailena da alde ia dokumental hori, errealitatean oinarritutakoa, fizkiora pasatzea antzezle profesional talde batekin".
Hala ere, laudioarra oso pozik dago emaitzarekin: "Oso polita izan da prozesua eta uste dut agerian geratu dela zinema eraldatzailea dela. Ahalduntze prozesua izan da. Euren bizitzak kontatu zizkidaten emakumeei egin diegu aitortza".
91 urteko emakume baten eraldaketa kontatzen du pelikulak, bere abesbatzak diru-laguntza galtzen duenean eta taldeko kideek erabaki behar dutenean nola egin aurre egoera horri.
20.000 especies de abejas
Edonola ere, zinemagileak ez du izango denbora gehiegi Cannesen gozatzeko. Berez, maiatzaren amaieran da jaialdia eta ekainaren hasieran bere fikziozko lehen filma luzea grabatu behar du: 20.000 especies de abejas. Ondorioz, estu ibiliko da denbora aldetik.