Larra Bustingintzak jardunaldiak egingo ditu maiatzean, 40 urteko ibilbidea aldarrikatzeko

Aitor Aspuru Saez 2022ko api. 22a, 16:03

Hainbat gertakariren ondorioz, elkartearen jarduera eten da azken urteotan, baina bizirik irauten du. / Aitor Burgoa

Laudioko zeramika pieza historikoen erakusketa ez ezik, hitzaldia ere egingo dute Blanca Gomez de Segura Zeramikako Euskal Museoaren zuzendariarekin.

Larra Bustingintza elkarteak bere 40 urteko ibilbidea ospatuko du maiatzaren 26an eta 27an. Horretarako, bi ekimen gauzatuko dituzte. Alde batetik, Laudioko zeramikazko pieza historikoen erakusketa egingo dute. Horren ardatza izango dira elkarteko kideek egindako lanak. Hala ere, bilduma pribatuek lagatukakoak ere egongo dira, eta San Roke Kofradiak, bere aldetik, utziko ditu hainbat mende dituen ontzia -lukainkak egiteko baliatzen zena- eta bere pitxer zaharrena. Lan horiek ikusteko Kultura Etxeko Lamuza gelara jo beharko dute interesdunek maiatzaren 26an 17:00etatik 21:00ak arte eta maiatzaren 27an 10:00etatik 13:00ak arte eta 17:00etatik 20:00etara bitartean.

Horrez gain, maiatzaren 27an 18:00etan Blanca Gomez de Segura Zeramikako Euskal Museoko zuzendariak hitzaldia eskainiko du, euskal zeramikari buruz, hain zuzen. Carmelo Serrano Larra Bustingintzako kideak espero du Laudioko historia ere aipatzea adituak. Kultura Etxeko Arraño gelan izango da solasaldia.

Larra Bustingintzak ezin izan du bere jarduera garatu hainbat urtez. Horregatik gogoratu nahi dute taldea bizirik mantentzen dela. Euren asmoa da lehen bezala aritzea Kultura Etxeko obrak amaitzen direnean.

40 urteko eskarmentua

Larra Bustingintza taldea, ofizialki 1985ean erregistratu bazen ere, lehenago sortu zen. "Larra izena dauka Latiorroko auzunean zegoelako jatorrizko tailerra. Marciano Barbero izan zen bere bultzatzailea. Halaber, ez da ahaztu behar Laudion zeramika lantegia egon zela eta Gardean tximinia mantendu dela", argitu du Serranok.

Elkartea bizirik

Jardunaldiak prestatzeko beste arrazoi bat izan da elkartearen iraupena jartzea mahai gainean. Izan ere, pandemia hasi baino lehen euren jarduera eten izan behar zuten, Laudioko Udalak bere labea itxi baitzuen, amiantoa zuelako.

Koronabirusaren eta Kultura Etxean egiten ari diren obren ondorioz, Larra Bustingintzak ezin izan du ikastarorik eskaini, baina aukera izan bezain pronto, berriz horri ekingo diotela ziurtatu dute. "Jende askok nahi du ikastaroa egin eta galdetzen digute. Jadanik Laudioko Udalak erosi du labe berria eta espero dugu azpiegitura guztia prest egotean, lehen bezala aritzea berriro. Hau da, ez bakarrik trebakuntza eskaintzea, baizik eta tailerra irekita egotea Kultura Etxeko ordutegi osoan, bazkideek euren sormena garatu dezaten", adierazi du Carmelo Serranok.

Bide batez, labearen erabilera sektore gehiagora ireki nahi dute: "Aurreko labea gurea zen, baina hau herriko ondarea da. Zentzu horretan, uste dugu beira lantzen duen jendeak ere erabili beharko lukeela eta espero dugu aukera hori izatea."

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide