BIDEOA

"Bat-batekoa izan da sutea eta oso arin zabaldu da lantegian"

Erredakzioa 2022ko api. 25a, 10:44

Su eta kalte handiak jaso ditu goizaldean Garnica fabrikak. 'Maderas de Llodio' deitu da orain arte enpresa, Garnicak erosi arte. Zauriturik ez, baina kalte handiak eragin ditu ezbeharrak.

Sute handia jazo da Garnica enpresan. 'Maderas de Llodio' izenarekin da ezaguna lantegia herrian zein eskualdean, eta Gardea industriagunean kokatua dago, Santa Kurutze ermitatik gertu. 

"5:30ean piztu da alarma, eta horregatik joan gara langileak zer gertatzen zen ikustera. Berez, ez dakigu arrazoia, baina bat-batekoa izan da sutea, oso arin zabaldu da sua barruan eta kanpoan", adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari bertako langile batek. Tarte gutxitan kalte handiak eragin ditu. "Arrazoi zehatza ez dakigu, baina hipotesi desberdinak ditugu langileek: argindar kuadroak edo oliodun galdarak hartu du su, bat-batekoa izan da", erantsi du.

Minutu gutxiren buruan heldu dira suhiltzaileak, eta Arabako zein Bizkaiko beharginak aritu dira elkarlanean. Horrez gain, Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuak ere bertaratu dira, baina ez da zauriturik egon. "Sua kontrolatzea eta itzaltzea pixka bat kosta zaie, 40-45 minutu inguru egon dira", zehaztu du beharginak.

200 langile inguru ditu gaur egun Garnica fabrikak, eta istripuaren unean 45 inguru zeuden: "errelebo momentuan izan da, 15 bat genbiltzan lanean, eta 30 lankide arropak jantzi berri harrapatu ditu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide