Latiorroko Guraso Elkarteak eta Mimitos dendak elkarlanean antolatu zuten material bilketa, Ukrainako gerrak kaltetutako herritarrak laguntzeko. Furgoneta bat bete zuten -arropa baztertuta- laudioarren ekarpenekin, eta Udalaren laguntza ekonomikoa jaso zuten bidaia gastuei aurre egiteko.
Asteburuan, baina, Mimitos denda "erasotu" dute, pintaketa bat eginez. Hain zuzen, 'Ukronaziak' mezua idatzi diete erakusleihoan. "Uste dugu larunbat gauean egin zutela pintaketa, igande arratsaldean esan ziguten lehen orduan eta", adierazi dute dendako arduradunek. "Oso arin zabaldu zen gertaera, azkenean, Ukrainarako bilketak oihartzun eta interes handia sortu du; eta mota honetako gertaera batek arreta pizten du, hilabete batzuen buruan", zehaztu dute.
"Ukrainarako bilketarekin egiten ari garena oso garrantzitsua da, eta lau intoleranteren iritziak ez du eragotziko"
Babes handia jaso dute, Mimitosekoen hitzetan. "Ez dugu mehatxurik ez arazorik izan aurretik", argitu dute. Erasoaren helburua ezinegona sortzea eta transmititzea dela uste dute: "Ezinegona sortzea helburu duen zerbait bezala ulertzen dugu. Dena den, bilketarekin jarraituko dugu; ahal bada indar gehiagorekin, badakigulako egiten ari garena oso garrantzitsua dela, eta ezin duela lau intoleranteren iritziak eragotzi".
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!