No Me Corta lo´Wings izena jarri dio Lyrikanek bere abesti berriari. Kantaren bideoklipa ere plazaratu du artista laudioarrak, Sorgin taberna eszenatoki nagusi moduan erabilita.
Doinuei dagokionez, gaurkotasuna izan du ardatz Lyrikanek. “Uste dut saltoa eman dudala kalitatean eta freskotasunean. 20 urteko gazteek egiten duten horri erreparatu diot”, azaldu du musikariak.
Baina abestiaren letrak eta bideoklipak kontrastea egiten dute musika estiloarekin. “Musika estilo honetan -drilla- dauden hainbat jarrera kritikatzen ditut”. Drogekiko eta diruarekiko "postureoei" erreparatu die bereziki, partxisa metafora moduan hartuta ("bat jan eta hamar kontatu"): “Badaude musika estilo hau egiten duten gazteak diru asko maneiatuko balute bezala jokatzen dutenak, hilean ikusten duten diru bakarra euren nominakoa denean benetan. Emakumeekiko dagoen jarrera ere oso kritikagarria da".
Sorkuntza urtea
Sorkuntza urtea izango da 2022a Lyrikanentzat. “16-17 pieza inguru ditut esku artean, nire asmoa da hilero bat plazaratzea”, aurreratu du. Musika estiloari dagokionez, ‘musika urbanoa’ etiketak barnebiltzen dituen doinuak izango ditu lanabes: “trapa, afrobeat-a… denetarik egingo dut. Hurrengo abestia, adibidez, dantzagarriagoa izango da”.
Behin abestiak plazaratutako, zuzenekoak eskaintzeko asmoa du Laudioko abeslariak. “Baina hori udazkenean egitea aurreikusi dut, abesti sorta plazaratu ostean”.