Italiako Mantua hirian daude uneotan Laudio BHIko 10 ikasle eta bi irakasle, Erasmus+ programaren bidez. Astebete egongo dira bertan, Europako beste hiru ikastetxetako kideekin: Lituaniako Šilutės Martyno Jankaus pagrindinė mokykla (Silute herrian kokatuta dagoena), Greziako Trikala herriko 7th High School of Trikala eta Italiako Mantova herriko I.C. San Giorgio di Mantova.
“Ikastetxe bakoitzak bere proiektua du, guztiak garapen jasangarriaren inguruan elkarri laguntzeko, irakatsi eta ikasteko”, azaldu dute Laudioko hezkuntza zentroko kideek. Euren proiektuak Click on Sustainability du izena. Egitasmo horren bidez, ortu bat atondu dute institutuko patioan, besteak beste.
Gainontzeko ikastetxeen proiektuen ardatzak, aldiz, hauek dira:
- Carpaneta basoa (Lombardiar zonaldiaren lur eta haranetako hamar baso handienetako bat da).
- Mincio ibaia eta ekosistema.
- Veneziako aintzira eta uholdeetatik babesteko duten sistema.
- Laborantza hidroponikoa (elikagaiak lantzeko lurra erabat alde batera uzten duena).
Proiektu horiek guztiek hainbat helburu dituzte: “jasangarriaren garrantziaz ohartzea, teknologia berrietan gaitasunak aberastea (tour geolokalizatua sortuz), ingelesez hitz egitea eta gizarte-trebetasunak garatzea”.
Proiektuaz lantzeaz gain, inguruan dauden “leku berezi eta bitxiak” ere bisitatuko dituzte ikasleek: “Verona eta Venezia hiriak, Mantuako Palazzo Ducale eta Palazzo Te eta Grana Padano gazta fabrika”.