“Hainbat bizilagunen eskaerak” egikaritzea proposatu du Omniak 2022ko inbertsio planari begira

Txabi Alvarado Bañares 2022ko mai. 5a, 17:27

Omniako kideak, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Zenbait obra egitea, gazteentzako gizalege plana garatzea eta herrigunean Gaztelekua irekitzea proposatu du opozisioko taldeak, besteak beste. 

Hainbat proposamen egin ditu Omniak Laudioko Udalaren aurtengo inbertsio planari begira. Opozisioko taldeak nabarmendu du proiektu horietako batzuk aurreko urteetan ere planteatu dituztela, “garrantzitsuak” direla uste dutelako eta “laudioar askok” eskatzen dituztelako. 

Obra proposamenak

Herriko plazako zoladura aldatzea eskatu dute alderdi laudioarreko kideek lehenbizi. “Gai horri buruzko mozioa aurkeztu genuen iaz, baina ez zen aurrera atera, eta laudioarren ohiko kexa bat izaten jarraitzen du”, azaldu dute. Jesus Guridi plazako obrak egikaritzeko beharra ere jarri dute mahai gainean, proiektu hori bizilagunekin jada hitzartuta zegoela argudiatuta. 

Laudioko bidegorrien azterketa bat egitea ere iradoki du Omniak. “Badakigu bidegorria errepidean integratzeko saiakera bat egingo dela. Guk uste dugu kontuan hartu behar dela zer motako udalerria garen eta nortzuk erabiltzen duten bidegorria, kasu askotan adingabeak baitira”.

Auzoetan aparkaleku gehiago atontzea ere proposatu dute, horretarako azterketa bat egin dela gogorarazita. Espaloiak handitzea ere dute buruan: Latiorroko pasabidearen eta udal merkatuaren alboan. Plan zehatz bat proposatu dute horretarako, espaloiak handitzeagatik galduko liratekeen aparkalekuak beste zonalde batzuetan kokatzeko:  

Eguzki plakak udal eraikinetan

Energia berriztagarriei begira ere jarri da Omnia, bi ideia zehatz proposatuta: udal eraikinetan eguzki plakak jartzea eta auto elektrikoentzako karga guneak sortzea. 

Kirolari dagokionez, San Martingo futbol zelaian harmailak jartzea markatu du Omniak lehentasun moduan. Udako igerilekuetan, ordea, tabernaren gunean eraistea proposatu du oposizioko alderdiak, “espazio hori birplanteatu ahal izateko”. 

Gazteei begira

Gazteei begirako egitasmoak ere ditu Omniak. Gizalege plana garatzea proposatu du taldeak, familiekin eta hezkuntza zentroekin koordinatuta. “Adingabeek eginiko ekintza bandalikoen gorakada egon da. Horrek esan nahi du huts egiten ari garela alor horretan eta denon ardura eta lana da arazoari konponbidea ahalik eta lasterren jartzea”. 

Era berean, alderdi laudioarrak “premiazkotzat” jo du “Laudioko erdigunean” Gazteleku bat irekitzea, nerabeentzako aisialdi espaziorik ez dagoela argudiatuta. 

‘Cohousing’ sistema bat eratzea ere planteatu dute Omniako kideek. “Eredu hori Europako hainbat herrialdetan dago, eta nagusiei komunitatea bizitzeko aukera ematean datza, arreta pertsonalizatua eskainiz, baina euren independentzia mantenduz”. Horretarako, “alternatiba publiko zein pribatuak” aztertzea proposatu du oposizioko taldeak. 

Bukatzeko, Lamuza Eskolako jolastoki inklusiboa garatzeko diru-partida gordetzea eta pasealekuetan iturriak jartzea ere eskatu dute. 

Horrez gain, Kantauriko Urkidetza likidatzeko partida (350.000 eurokoa) kentzea ere eskatu du Omniak, Urbidek ordaindu beharko lukeela argudiatuta. 

Oposizioko taldeak adierazi du Udal Gobernu Taldeak ez duela ahalegin berezirik egiten gainontzeko erakundeetatik finantzazioa lortzeko eta udalaren dirua mugatua dela. “Hori argi ikus daiteke gobernuak proposatzen dituen inbertsioetan, partida baxukoak baitira, asmo handirik gabekoak. Baina gure lana Laudioko bizilagunen alde egitea da. Horregatik, gure zerrenda auzokideen eskaerez beteta daude”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide