Andaluziarrek eskualdean ere ospatuko dute 'Apirileko azoka'. Hain zuzen, Laudioko Andaluziar Etxeak berreskuratu du jaia, etenaldia egon baita koronabirusak eragindako pandemia dela-eta. Eguerdian hasiko dira ekintzak, eta gauera arte luzatuko da egitaraua.
13:30ean emango diote hasiera feriari, Aldai plazan. Egun osoan zehar rumba zein sevillar dantzak egongo dira, aurreratu dutenez. Ildo beretik,andaluziar jantziekin bertaratzeko deia luzatu dute. Gainera, jantzirik onena sarituko dute iluntzean, urdaiazpiko zozketarekin batera.
Horrez gain, flashmoba ere antolatu dute bazkalaurretik; hots, 13:45ean. Jarraian, herri bazkariari ekingo diote. Txartelak Andaluziar Etxean egongo dira salgai: 10€ balioko dute umeentzako sarrerek, eta 16€ helduentzakoak.
Arratsaldean, aldiz, bingoa eta kontzertua izango dira nagusi. Lehenbiziko ekintza -hau da, bingoa- 16:00etan hasiko da, eta musika jaialdia 19:00etan. Talde gonbidatua Los Carcianos izango da aurtengoan.