Altzarrate Arabako Kopako finalerdietan egongo da, sailkapen ligaxkan hirugarren izan ostean

Aitor Aspuru Saez 2022ko mai. 10a, 07:30
Altzarrate klubeko senior taldea. / Altzarrate KE

Maiatzaren 22an eta 29an jokatuko ditu partidak eta finalerako txartela lortzeko Ansares CD izango da bere arerioa.

Altzarrate Kirol Elkartearen senior taldeak Arabako Kopako finalerdiak jokatuko ditu maiatzaren 22an eta 29an. Joan eta itzuliko partidak izango dira, Ansares CD klubaren kontra. Gailenduz gero, finala ekainaren 6an erabakiko da.

Berez, sailkapen ligaxkan Ansares 2. izan da; eta, Altzarrate, aldiz, hirugarrena. Beste kanporaketan Aranbizkarra CF eta Mercedarias KE nor baino nor arituko dira. Aranbizkarra ligaxkako onena izan da eta Mercedariasek, ordea, 4. bukatu du.

Laudioarrei dagokienez, asteburu honetan jokatu zuten Altzarratek eta Ansaresek, eta bana berdindu zuten Laudion. Ligaxkan Ansares oso sendoa izan da etxean. Irune Egiguren Altzarrateko entrenatzaileak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari euren zelaia oso handia dela, eta hori abantaila dela Ansaresen alde. “Testuinguru horretan hobeto moldatzen dira”, adierazi du entrenatzaileak.

Irune Egiguren Altzarrateko entrenatzailearen ustez, Ansares da faboritoa, baina bere taldearen kalitatea azpimarratu du.

Izan ere, Egigurenek uste du, printzipioz, faboritoa Ansares dela: “Esperientzia handiko jokalariak dituzte, gu baino nagusiagoak dira. Gure taldea oso gaztea da”.

Edonola ere, Altzarrateko prestatzaileak uste du emaitza ez dagoela aurretik erabakita: “Gure atzelariak oso gazteak dira, baina izugarri sendoak. Gainera, bloke baten moduan jokatzen dugu eta guztiok ukitzen dugu pilota, atzetik eraikitzen dugu jokoa. Zentzu horretan, ez dut esango Arabako defentsa onena dugunik, baina oso onak gara. Bestalde, erdilariek ere kalitate handia dute, eta aurrean Izaro San Miguel erabakigarria izan daiteke bere abiadura eta driblinari esker”. San Migel taldeko goleatzaile onena izan da sailkapen ligaxkan, alegia.

Nabarmendu behar den beste datu bat da Ansaresek oso emaitza onak lortu dituela bere zelaian, baina Altzarratek puntu ugari eskuratu dituela Ligaxkan bisitari moduan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide