Lautxirrinka Irristaketa Klubak bukatzear du aurtengo denboraldia. Larunbatean izan zuten azken ligako proba Galdakaon. Hain zuzen, kimuen kategorian aritu ziren bertako 6 lagun: "Nile, Maddi, Xabier, Brais, Izadi eta Sara joan ziren Galdakaora. Diskoak gainditu eta primeran pasatu zuten, eta denboraldi honen sari gisa, Bizkaiko Foru Aldundiaren kamiseta bat jaso zuten parte-hartzaile guztiek. Eskerrik asko!".
Bi irristaketa saio izan ditu asteburuan Lautxirrinka taldeak: Galdakaoko liga, eta Ukrainara dirua bidaltzeko otarteko solidarioaren baitan eginiko erakustaldia
Sare sozialetan azaldu dutenez, baina, ez da izan asteburuko erronka bakarra: haurren mailan bi irristalari lehiatu ziren. "Oso lan ona egin zuten Monikak eta Elaiak!", erantsi dute. Aurrera begirako asmoak ere argi dituzte: "Horrela jarraitzea, egiten dugunarekin gozatzea eta helburuak gainditzen saiatzea".
Bestalde, La Milagrosa ikastetxeak Ukrainara dirua bidaltzeko antolatutako otarteko solidarioan ere parte hartu zuten gazteek. Hori dela eta, kirol eragileak euren konpromisoa goraipatu du: "Oso lan ona eta bihotz ona".