Gaur arratsaldean azaldu dituzte Laudioko Udalak eta jaiak antolatu dituen lan taldeak aurtengo sanrokeen ezinbesteko datuak: musika eskaintza, txupineroa eta pregoilariak. Abuztuaren 15etik 17ra eta 24tik 28ra luzatuko dira aurten sanrokeak.
Musikaren esparruan, Maite Cortazar zinegotziak aurreratu du talde oso ezagunek bisitatuko dutela herria:
- Doctor Deseo (abuztuaren 16an)
- Chica Sobresalto (abuztuaren 16an)
- Despistaos (abuztuaren17an)
- Zea Mays (abuztuaren 24an)
- Puro Relajo (abuztuaren 25ean)
- La pegatina (abuztuaren 25an)
- La Oreja de Van Gogh (abuztuaren 26an)
Talde gehiago ere arituko dira, hala nola: Amak, Mocedadesm Los Chimberos edota Korrontzi. Gainera, erromeriak, Djak, herriko dantza taldeak eta abesbatzak ere ez dira faltako. Dantza bertikaleko ikuskizuna ere eskainiko dute.
Pregoilariak
Pregoiaren irakurketa Sebastian Martin 'Txanin' eta Jose Ignacio Goikoetxea 'Txetxu' laudioarren esku geratuko da. Biek atera dituzte Terentzio eta Tomasa erraldoiak hainbat urtez Laudioko jaietan; eta 2019an utzi zutenez, ospakizunak antolatzen dituen lan taldeak euren ekarpena aitortu nahi izan dute.
Txupineroa
Txupina jaurtiketak ere agur zaporea izango du. Izan ere, Jabi Artetak egingo du. Udal langilea hainbat urtez aritu da jaien antolakuntzan, bereziki azpiegituretan, eta hautatu dutenek azpimarratu dute bere inplikazioa eta laguntzeko prestutasuna.
Jai herrikoiak
Ander Añibarro alkateak zein Maite Cortazar zinegotziak nabarmendu dute herriko taldeen eta kuadrillen ekarpenek osatuko dutela jai egitaraua, eta bihotzez eskertu dute horien zein jaien lan taldeko ahalegina.