Maiatzaren 21ean -hurrengo larunbatean- egingo dute 2022ko Erraldoiketaren lehen ekintza. "Erraldoiketaren helburuak nahiko argiak dira: erraldoi, buruhandi eta izaki mitologikoak mugitzen dituzten taldeekin topaketa antolatu nahi dugu, eta gure arteko saretzea egitea", adierazi du Ander Fernandez Sorginlarren taldeko kideak. Abuztuan izango da ekitaldi hori, baina dagoeneko ekin diote bestelako jarduerak antolatzeari.
Familientzat buruhandi tailerra
Hain zuzen, finantzaketa lortze aldera, buruhandi tailerrak antolatuko dituzte Sorginlarren taldekoek. Hilaren 21ean izango da hori, Gardeako eskola zaharrean.
"Familian egitea buruhandia -haur eta heldu baten artean- da ideia, elkarlanean. Bakoitzak bere buruhandia eramango du gero"
"Nahiko errazak dira egiteko, eta gainera haurrek ere sortu ditzakete, prozedura ez delako hain konplexua. Familian egitea -haur eta heldu baten artean- da ideia, elkarlanean. Bakoitzak bere buruhandia eramango du gero", azpimarratu du. Ikastaroak 20€ balioko ditu, eta material guztia egongo da barne hartuta. Ekimena 6 urtetik gorako umeei zuzendua dago, heldu batekin bertaratu beharko badira ere. Partaideak, beraz, bikoteak izateko eskatu dute: haurra eta heldua. Buruhandia sortu ez ezik, kalejiran ateratzeko aukera izango dute: "Erraldoiketa egunean kalejiraren irekieran edo buruan joateko gonbita luzatuko diegu". Jendeari parte hartzeko mezua zabaldu diote: "Buruhandiak tartean -eta etxean egonda- egonda seguru ez direla irribarreak faltako, animatu eta parte hartu!".
Abuztuan, 'Erraldoiketa'
"Abuztuko topaketa handiagoa izatea nahi dugu, eta auzolana izatea ardatz", erantsi du Fernandezek. Lehenbiziko edizioa gogoan du oraindik: "Guk ez genuen espektatiba handirik, eta jendea oso pozik geratu zen". Egunean zehar 2 kalejira eta erraldoien dantzaldia egin zituzten, Euskal Herriko erraldoi eta buruhandi anitzekin: "Oso koloretsu geratu zen. Nolabait egiten genuena plazaratu genuen, eta horrekin jarraitzea da asmoa". Bigarren edizioa xumeagoa izan zen, Fernandezen hitzetan, baina lehengoari eutsi nahi diote. Taldeak lotzen dabiltza dagoeneko: "Harremanak eginda ditugu, eta jendeak interesa agertu du". Data oraindik ez dute itxita, baina abuztuan eta Laudioko jaietan izango dela ziurtatu dute.
Ekainean aurreikusi dute erraldoiketaren aurkezpena, baina ez dute ekintza gehiago antolatzea baztertzen, "eskualdeko beste buruhandi batzuekin hitz egin eta Erraldoiketa txikiren bat egitea beste herriren batean ere badugu buruan". Horrez gain, buruhandi txiki baten zozketa egingo dute Laudioko Sanpedropeko festetan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!