Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Diskoa prestatzen ari naiz, zazpi edo zortzi abesti izango ditu eta, dena ondo bidean, urte amaierarako argitaratuko dut”

Aitor Aspuru Saez 2022ko mai. 17a, 07:30

Xabi Jimenez laudioarra. / Aiaraldea.eus

XABI JIMENEZen (Laudio, 2002) bere izen artistikoa Jota da eta itxialdian hasi zen bertsoak eta abestiak sortzen. Orain diskoa eta bideoklip sorta prestatzen ari da urte amaieran edo hurrengo urtean sareratzeko.

Nola hasi zinen rapa egiten?

Itxialdian izan zen. Julen Nacarinori esan nion: “Abesti bat egingo dut, zureak baino hobea”; eta berak erantzun zidan: “Ez, inondik inora”. Pare bat abesti egin nituen eta aipatu zidan ondo zeudela. Unairi erakutsi zizkion eta Unaik proposatu zidan grabatzea.

Zerbait grabatu duzu?

Bai, duela gutxi. Ahal dugunean Streetlight estudiora etortzen gara eta daukaguna grabatzen dugu. Unairekin lanean nago diskoa osatzeko hainbat abesti grabatuta. Zazpi edo zortzi abesti izango dira eta dena ondo bidean urte amaierarako dena argitaratuko dugu.

Agian denbora apur bat gehiago beharko dugu, bideoklipak egingo ditugu eta. Asmoa da Youtuben eta Spotifyn zabaltzea eta ikusiko dugu zein den harrera. Gure hasierako ideia ez da disko fisikoa kaleratzea, baina ez diogu ezerri aterik ixten. Ez dugu oraindik erabaki kanta guztiak aldi berean edo apurka-apurka plazaratuko ditugun.

Zenbat kontzertutan parte hartu duzu?

Momentuz, bakarrean. Duela gutxi abesten dut eta aurretik ez dut ezertan parte hartu, baina San Joseko Jaietan Unairekin kantatu nuen, abesti bat dugulako elkarrekin. Denbora izan nuen, asteburutan lan egiten dudalako, baina animatu nintzen eta oso ondo egon zen.

Ez dudanez ezer argitaratu, itxaron nahi dut. Dena den, beste aukeraren bat sortzen bada, ikusiko dugu.

Zeintzuk dira zure erreferenteak?

Musika mota honetan duela urte gutxi hil zen artista bat entzuten dut, Juice Wrld. Gero, nik betidanik gogoko dudan musika da technoa, eta hor badaukat DJ gogokoena; Oliver Heldens.

Nola ikusten duzu eskualdeko rap giroa?

Egia esanda, nik ez dakit hainbeste. Lozak eta Unaik kontatzen didate, oro har, zer dagoen pil-pilean eta zer ez den hain gogoko. Eurek dakite gehiago, ni nire kabuz nabil eta gogoko dudana egiten dut.

Dena den, egia da jende ugari etortzen dela hona grabatzera estudiora eta batzuek gauza oso onak egiten dituzte. Beste batzuek egiten dutena agian ez zait hain erakargarria iruditzen, baina hemen gaude hasten direnak laguntzeko eta hobetzeko.

Zeintzuk dira zure proiektuak?

Musika esparruan azaldu dizut zein den. Unibertsitatean banabil ikasketa bitxiak egiten eta enpresa bat sortu behar dugu hasi bezain pronto. Hori dela eta, Hummus Sapiens jatetxea daukat Deustun. Estudioan jarraitu nahi dugu urtebete gehiago, gutxienez, eta ea noraino haz gaitezkeen ikusi. Halaber, Errioxako Gobernuarekin batera ari naiz lanean, despopulazioaren kontrako web plataforma sortuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide