Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria sortzeko lehen urratsa eman dute Laudion

Aitor Aspuru Saez 2022ko mai. 13a, 18:00

Ander Añibarro eta Ander Larrinaga gaurko agerraldian. / Aiaraldea.eus

Plana erredaktatuko duen enpresa kontratatzeko esleipena abiatzea onartu du Udalak gaur eta espero dute irailerako kontratazio prozesua amaitzea. HAPOren bertsio berria izateko, dena den, uste dute gutxienez lau urte izango direla beharrezkoak.

Ander Añibarro alkateak eta Ander Larrinaga alkateordeak prentsaurrea egin dute gaur iragartzeko Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria osatzeko makineria abian jarri dela. Izan ere, gaur talde erredaktorearen kontrataziorako esleipena onartu dute, 420.000 euroren truke. Lau urteko lana izango da eta tokiko erakundeak exijituko dio enpresari diziplina anitzeko taldea: ingeniaritzan, zuzenbidean, arkitekturan, ingurumenean edota generoan aditua.

2027-2031 legealdian onartuko den dokumentua

Dena den, egungo udal gobernu taldeak argi eta garbi utzi du litekeena dela HAPO berria 2027-2031 legealdian onartzea. "Urrats ugari eman behar dira; hasierako onarpena, sektoreko txosten teknikoak, behin behineko onarpena eta behin betikoa ere. Horretarako guztirako adostasuna beharrezkoa izango da alderdien zein herritarren artean. Horregatik, parte hartze prozesua ere egingo dugu" nabarmendu du Larrinagak.

"Legealdi hau urtebetean amaituko da eta hurrengoan oraindik landu beharko da gaia. Ondorioz, litekeena da 2027-2031 legealdian onartzea behin betiko plana. Horregatik, hain zuzen, ezinbestekoa izango da etorkizunera begira jartzea" erantsi du alkateak.

Laudioko garapena definituko duen testua

Ander Larrinagak azpimarratu nahi izan du HAPOren garrantzia: "Ez da soilik erabakitzea non eraikiko den. Hautatu behar da zein herri eredu nahi dugun: 15.000 biztanlekoa edo 20.000koa, industriala, naturgune babestuekin... Definituko da udalerria non garatuko den eta zein norabidean".

Hori dela medio, alkateordeak uste du prozesuak ematen duen testuak 30 urte baino gehiago iraun behar duela. "Egun indarrean dagoen HAPOa aspaldi iraungi zen. 1980ko hamarkadan hasi zuten bere eztabaida, 1993an onartu zen eta 1995ean sartu zen indarrean. Garai horietan bogan zeuden ideien isla da testua. Etorkizunerako begirada zabalagoarekin lan egin behar dugu honetan, ez da posible 30 urtetan zaharkituta geratzea". 

Hain zuzen, hori nabaritzen da hiri-antolamendutik kanpo geratu diren zenbait eraikuntzetan. "Garai horietan garapen izugarria egongo zela uste zuten, baina orain errealistagoak izan behar dugu. Berez, uste dut hiri-antolamendutik kanpo geratu ziren eraikin askok aukera izango dutela barruan egoteko", adierazi du Larrinagak.

Adostasun politikoa

Ezinbestekoa izango den beste osagai bat da alderdien arteko adostasuna. Berez, Jon Karla Menoyoren udal gobernu taldeak HAPO berria onartzeko saiakera egin zuen 2010ean, baina oposizioko taldeek ez zuten bat egin egitasmoarekin eta bertan behera geratu zen. Hortaz, hurrengo urteetan gauza bera ez gertatzeko, ordezkariek negoziatu beharko dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide