ARGAZKI KRONIKA

PSE-EE: "Laudiok zorte handia du sozialistak gaudelako Arabako Foru Aldundian"

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko mai. 16a, 11:52

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak hartu zuen parte, besteak beste, sozialistek Laudioko Lamuza parkean eginiko agerraldian. Sozialistek Laudion zein Aiaraldean eginiko obrak eta proiektuak azpimarratu zituzten ekitaldian.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, Cristina Gonzalez Arabako idazkari sozialistak eta Loli Muriel Laudioko zinegotziak hartu zuten hitza atzo Lamuza parkean eginiko agerraldian. Sozialisten eskutik, Laudion zein Aiaraldean garatutako proiektuak izan zituzten hizpide.

Loli Muriel Laudioko zinegotziak udalerrian EAJrekin batera gauzatutako egitasmoak aipatu zituen: osasun zentro berriaren proiektua, udal liburutegiaren egokitzapena, etorkizuneko antzokiaren eraikuntza... Nabarmendu zuenez, orotara, 9 milioi euro baino gehiago ari dira inbertitzen Arabako Foru Aldundiaren eskutik Lamuza parkean. “Laudioko sozialistak gara EAJrekin batera laudioarrak izateko harrotasuna berreskuratu dugunak”, adierazi du Murielek. 

Cristina Gonzalez Arabako idazkari nagusiak, aldiz, eskualdeari begira lortutako hobekuntzak goraipatu zituen: “Zerbaitez harro bagaude Saratxoko errepidearen obraz da, soluzioa eman baitiogu istripu askodun zatiari. 21 milioi eurorekin, Arabako foru obra handienetako bat da. Maiatzaren amaieran irekiko da errepide berria”. Kultura eta turismoari dagokienean, txakolindegi eta museoen ekoizpena ustiatzeko sustatutako ekintzak azaleratu zituen: "Santxotena museoa, Kexaako zuhaitzen ekimena, Artziniega Museoa… Berrikusi programa pilotua egin zen Laudion, eta Amurrion ere antolatuko dugu". 

Lamuza parkearen berrikuntza da, edozelan ere, obra izarretako bat, Saratxoko errepidearekin batera: "Lamuzako parkearen obren historian, 2014an eskatu genuen sozialistok hemengo eraikinen birgaitzea". Frontoi etxea, kasinoaren teilatu zein fatxada, lorategietako forjak... berritu dituzte orain arte, baina ez da bidea amaitu: "3,1 milioi daude aurreikusita kasinoa barrutik eraikitzeko. 2023ko lehen hiruhilekoan dago aurreikusia obra hori".  Foru Aldundiak zein herriko elkarteek hartu dute parte, besteak beste, prozesuan.

Eneko Andueza izan zen hitza hartzen azkena. “Ekitaldia toki eder honetan egitea sozialistek eginiko lanari esker da. Laudiok zorte handia du sozialistak gaudelako Foru Aldundian”. Enplegu erreforma, etxebizitzarena… izan zituen ardatz, lege aldaketak batik bat: “Politika horiek dira jendearen arazoak konpontzen dituztenak”. 

Bokazio eraldatzailearekin eta gobernutik egingo dute politika instituzioetan hemendik aurrera ere, negoziazio bidez: “Elkarlanetik eta kogobernantzatik egingo dugu bidea. Pedro Sanchezen politikak herritarren poltsiko eta bizi kalitateetan nabaritzen ari dira jada: 819 milioi iritsi dira funts horietatik Euskadira, eta datozen asteetan gehiago izango dira. Apirilean 1.500 langabe gutxiago egongo dira, eta kontratu mugagabeak areagotu dira Lan Erreformari esker”. 

"21 milioi eurorekin Saratxoko errepidearena da Arabako foru obra handienetako bat. Maiatzaren amaieran irekiko da", aurreratu zuen Cristina Gonzalez Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak

Adibide gehiago ere aipatu zituen Anduezak. Horien artean egon ziren pentsioen igoera, gasolinaren bonifikazio neurria, gasaren prezioari “sabaia” jartzea… “Ez da gauza bera ezkerrak edo eskuinak gobernatzea, ez da berdina sozialistak gobernuan egotea edo ez. Politika sozialistei esker dute milioika pertsonek bizitza hobetzeko aukera. Hemen gobernu sendoak eta egonkorrak ditugu, krisiaren unerik okerrenean erantzuteaz gain, berreskurapena justuagoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa izateko. Zarata alde batera utzita, pertsonak babestu eta arazoak konpontzen ditugu. RGI erreforma, ERTEak, pentsio igoera... neurri ausartak dira, horrela eraikitzen da herria eta euskadi sozialista, bandera eta historia aldatzeko ahaleginen gainetik. Hori da sozialisten bidea, eta egiten jarraituko duguna”.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide