Josu Apraiz Etxezarraga laudioarrak Arabako Txapelketa irabazi zuen larunbatean Gasteizen, Mendizorrotzako atletismo pistan. Eskualdeko lasterkaria 5.000 metroko proban nagusitu zen eta horrela bere lorpen handiena gainditu du. Izan ere, 2011n zilarrezko domina eskuratu zuen.
Larunbateko lasterketari dagokionez, Apraizek nabarmendu du ohikoan baino parte-hartzailek gutxiagok eman zutela izena eta, berak marka onena zuela iritzita, buruan jartzeko erritmoa ezarri zuela hasieratik. Atzera begiratu gabe, laudioarra lehen postuan egon zen berehala eta 2. kilometroa igarota, aurkari batek eusten zion soilik: "Txanda eman zidan buelta batean, bestela, ni bakarrik egongo nintzateke aurrean".
Gauzak horrela, lasterketaren ibilbide erdia igarota, Apraizek erritmoa bizkortu zuen: "Burua galdu gabe, kontrolatzen. Izan ere, ez zen eguna nire marka hausteko eta pista ere ez zen egokiena. Hala ere, bakarrik egin nituen azken bi kilometro eta erdiak".
Horrenbestez, Apraizek urrezko domin berria gehitu du bere palmaresean.