Sei langabe kontratatu ditu Laudioko Udalak sei hilabeterako, URA erakundearekin elkarlanean. Nerbioi ibaiaren ertzak garbitu eta berreskuratzea izango da euren lana. "Hiri-hondakin solidoak garbitzeko lanak maiatzaren 10ean hasi ziren Nerbioi ibaiaren bi ertzetan, eta azarora arte luzatzea aurreikusten da", azaldu du tokiko erakundeak, baina nabarmendu du hori ez dela izango langileen egiteko bakarra: "erriberako landaredia lehengoratuko dute, hiri-bilbeari dagokion tartean mozketa eta inausketa selektiboak eginez".
110.000 euro baliatuko dituzte guztira enplegu programa hau abian jartzeko. "Biodibertsitatea, ekosistemak eta bertako landaredia babesteko ibai garbia izateak duen garrantziaz kontzientziatu nahi ditugu Laudioko herritarrak", adierazi du Ander Añibarro alkateak.