Thaylor Lubanzadiok Maltako liga irabazi du eta Hibernians klubak kontratua luzatu dio

Aitor Aspuru Saez 2022ko mai. 23a, 07:00

Maltako Ligako txapelduna izan da Thaylor Lubanzadio Aldama. / @thayloraldama10

Laudioarra Maltako Hibernians Football Clubera batu da bukatu berri den denboraldian eta lan aipagarria du taldean. Maltako liga lortu du eta uztailean izango du Champions League txapelketan aritzeko kanporaketa.

Thaylor Lubanzadio Aldama futbol jokalariak Maltako Hibernians Football Clubarekin luzatu berri du bere kontratua; 2024ra arte egongo da taldean. Eskaintza heldu zaio denboraldi ona osatu ostean. "Posizioz aldatu naute, orain eskuin hegaleko jokalaria naiz, aurrelaria izan ordez, baina ondo moldatu naiz. Guztira, 10 asistentzia eman ditut" azaldu du kirolariak.

Dena den, kolektiboki ere zorioneko denboraldia izan du laudioarrak, Maltako liga eskuratu baitute. Bi txapelketa lortzeko zorian egon ziren, baina kanporatuak izan ziren kopako finalerdietan. "Liga irabazi ondoren, uste dut erlaxatuegiak geundela" iritzi du Lubanzadiok.

Champions Leagueren bidea

Tokiko txapelketaren garaipenak aukera emango dio Hibernians FC-ri Champions League lehiaketa jokatzeko. Hori bai, zenbait kanporaketa gainditu beharko ditu talde fasera heldu baino lehen. Uztailaren 10ean izango da lehen norgehiagoka eta, Europako lehiaketa indartsuenean aurrera egingo ez balu, Conference Leaguen arituko litzateke kluba.

Maltako futbola

Hibernians FC-ra joan baino lehen, Thaylor Lubanzadiok Portugaleteko kamiseta jantzi zuen: "Taldeak kategoria galdu zuen, baina nik pertsonalki denboraldi ona egin nuen eta horri esker Maltara jotzeko proposamena heldu zitzaidan. Izan ere, Hibernians-ek scouting taldea dauka Espainiako Estatuan. Familiarekin eztabaidatu nuen eta erabaki nuen bakarkako abentura hau hastea".

Edonola ere, jokalariak aitortzen du ez zekiela ezer uharteko futbolari buruz: "Ez nekien ezer, baina kirola indartzen ari da hemen. Esango nuke 2.B mailako ezaugarriak dituela orain. Esperientzia handiko jokalariak ari dira heltzen euren ibilbidea amaitzeko, Leandro Almeida edota Hugo Vieira kasu".

Bere klubari dagokionez, Maltako 1. mailan beti egon den talde bakarra da. Thaylor pozik dago eta, bere ustez, "herriaren taldea da Hibernians"

Herrialdeari dagokionez, laudioarrak bolada zailak igaro ditu: "Leku txikia da eta ni hegoaldean bizi naiz, oraindik garatu behar dena. Nahiko kosmopolita naizenez, apur bat gogorra egin zait hasieran. Lagunak eta familia faltan bota ditut, baina orain gustura nabil, ondo moldatu naiz".

Une hauetan oporretan dago jokalaria eta litekeena da hurrengo astean Laudiora itzultzea, baina ekainaren 8an edo 9an berriro egongo da entrenatzen, Champions Leagueko kanporaketa prestatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide