Josito Memoriala ez da berriro egingo. Bere senideek amaitutzat jo nahi dute egitasmo hori eta dolu prozesua ere. Dena den, Laudio ez da geratuko ekaineko atletismo probarik gabe. Bere ordez, 10K lasterketa egingo dute.
Alberto Talledo Laudio Atletismo Klubeko arduradunak aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari, berez, memorialaren ibilbidea mantenduko dutela, baina kontrako norabidean egingo dela: “Azkarragoa izango da”.
Hala ere, hitzorduaren ezaugarri nagusia ez da abiadura, baizik eta bere izaera herrikoia. “Lasterkari herrikoiek podiumera igotzeko aukera gehiago izan ditzaten, sari gehiago banatuko ditugu, 5 urteko kategoriak sortuta. Aitorpenak egongo dira irabazleentzat, tokiko korrikalari onenentzat, gizonezko zein emakumezkoentzat, 35 urtetik beherakoentzat, 36-40, 41-45, 46-50, 51-55, 56-60, 61-65 eta 66 urtetik gorakoentzat” azaldu du Talledok.
Gauzak horrela, antolatzaileek espero dute aurreko parte hartze datuak mantentzea eta 700 atleta inguru batzea Laudion 11:00etatik aurrera.
10K lasterketa irekita egongo da patinatzaileentzat eta umeek ere lehiatzeko aukera izango dute; 10:00etatik 10:30etara bitartean, adinaren arabera.
Interesdunek bi bide izango dituzte inskripzioa betetzeko: hemen klikatuta edo Aiaraldea Komunikabidearen zozketan parte hartuz.