Orientazio lasterketa herrikoia egingo dute Laudioko ingurune naturalean barrena

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mai. 26a, 11:15

Ander Larrinaga eta Aaron Garmendia lasterketaren aurkezpenean. / Aiaraldea.eus

Atzo aurkeztu zuten ekainaren 26an egingo den Laudioko I. Orientazio Lasterketa Herrikoia. Kirol probak udalerriko ingurune naturala ezagutaraztea du helburu.

Kirol proba berria estreinatuko du Laudiok datorren ekainaren 26an: I. Orientazio Lasterketa Herrikoia. Atzo egin zuten deialdia aurkezteko prentsaurrekoa Laudioko Udalak eta Bidea Orientazio Klubak (COBI). Udalerriko ingurune naturalak ezagutaraztea du helburu orientazio lasterketak. "Udalerrian aisialdi aktiboa sustatuko duten kirol-probak garatzearen alde egin nahi dugu, gure ingurune berde eta naturalari balioa emateaz gain", adierazi zuen Ander Larrinaga Hiri Garapenerako zinegotziak.

"Kamaraka eta Goikogane inguruan zentratuko dugu proba. Mapa erakargarria izango da"

Score modalitateko orientazio-lasterketa izango da: denbora mugatu batean ahalik eta puntu gehien lortzea izango dute helburu parte hartzaileek. Mapa batean adierazitako balizak topatu beharko dituzte horretarako. Aaron Garmendia COBI taldeko kidea arduratzen ari da kirol-probaren mapa osatzeaz: "Kamaraka eta Goikogane inguruan zentratuko dugu proba. Mapa erakargarria izango da, osatua eta azken unera arte etengabeko eguneraketak egiten joango gara ingurune naturalean egon daitekeen edozein aldaketa ondo adierazita geratzeko".

Hiru kategoria

Hiru kategoria egongo dira: Lau orduko lasterketa (kategoria gorria), hiru orduko lasterketa (kategoria laranja) eta ordu bateko lasterketa (kategoria horia). Aipatu bezala, lehenengo bi kategoriak mendi ingurunean jokatuko dira. Aldai Plaza izango da hitzorduaren abiapuntu. Baina, aurreratu dutenez, sorpresa bat edo beste egongo da. "Ingurune ezagunean lehiatuko da proba, eta ez da orientazio lasterketetan aparteko eskarmenturik behar parte hartzeko; sestra kurbak eta mapako beste elementuak interpretatzen jakitea nahikoa izango da kirol jardueraz disfrutatzeko", nabarmendu du Garmendiak.

Gauzak horrela, parte hartzaileak balizaz baliza arituko dira ibilian, norberak egokien ikusten duen ibilbidea jarraituz. Taldean zein banaka egin ahalko da proba.

Azken kategoria, ordu bateko iraupena duena, herrigunean egingo da eta, orientazioa ez ezik, logika-joko sinpleak ere uztartuko ditu. "Familia giroan eta haurrekin egiteko jarduera" izango dela azaldu dute antolatzaileek.

Izen ematea zabalik

Atzo zabaldu zuten izen emateko epea, eta ekainaren 22ra arte mantenduko dute. Inskripzio orria Internet bidez bete daiteke, eta bi euroko kostua izango du. Federatuta ez dauden parte-hartzaileek 2 euro gehiago ordaindu beharko dituzte.

Sariak egongo direla ere iragarri dute. Kategoria gorrian eta laranjan, emakume eta gizonezkoen kategorietan, hiru sari banatuko dituzte puntu gehien lortzen dituzten kirolarien artean. Tokiko ekoizleen produktuez hornitutako saskiak izango dira sariak.

Etorkizunari begira

Aaron Garmendia baikorra da Laudioko orientazio lasterketaren etorkizunarekin. Aurten, orientazio lasterketen egutegi barruan sartu ez den arren, datorren urtean Euskal Herriko zirkuitu ofizialaren barruan egoteko aukera handiak dituela azaldu dute. Laudiok, gainera, aukera asko eskaintzen ditu horrelako probak denboran mantentzeko: "ingurune natural aberatsa daukagu, eta edizioz edizio mapa zeharo berriak egiteko aukera eskaintzen dute. Aurten Kamaraka eta Goikogane aldera joango gara, baina aukera dago ere noizbait Elorritxugane edota Pagolar mendietara mugitzeko".

Bien bitartean, iragan hilabetean aurkeztutako Laudioko Basabideak 43 kilometroko ibilbide zirkularraren promoziorako ere baliatu nahi du hitzordua Udalak. Laudioko ondarea eta mendiak elkar lotzen dituen ibilbidea da Laudioko Basabideak, eta Udaletik espero dute kirol proba berriak ere sortzea ingurune horretan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide