Gaur goizean aurkeztu du Arabako Foru Aldundiak Laudioko Alberto Acero plazan ireki berri duen lokala. Bere helburua izango da foru erakundearen jarduera eskualdera hurbiltzea.
Zehazki, Aldundiak 411.000 euro baino gehiago inbertitu ditu azken hilabeteetan bere lokala egokitu eta erakundearen bulego berria bihurtzeko, orain arte Laudioko Herriko Plazan zegoen egoitza ordezkatzeko. Egoitza zaharrak espazio mugak zituen, 135 metro koadro baino ez zituelako, eta oso txikia zen, batez ere, PFEZaren aitorpena aurkezteko kanpainan. Inauguratu berri duten bulegoak, aldiz, 326 metro koadro ditu.
Hain zuzen, Alberto Acero plazaren ate nagusitik sartuta, harrera eta itxaron gune batera eta jendearen harrerarako bulegoetara sartzen da (espazio hori bulego eta bilera gela batekin eta komun egokitu batekin osatzen da). Nerbioi kalean, berriz, erregistroa eta PFEZaren kanpainan laguntzen duten langileen lanpostuak kokatzen dira. Azken eremu horretan, bilera gela bat dago, Arabako Foru Aldundiak bilerak eta kudeaketa lanak egiteko.
Ramiro Gonzalez Diputatu Nagusiak nabarmendu du azpiegitura berriarekin foru jarduera Aiaraldeara gerturatu nahi dutela eta aipatu du lanean ari direla Aiaraldeko gaitasunak garatzeko, Saratxoko errepide berriarekin egin bezala.
Aiaraldea suspertzeko planaren zehaztasun berririk ez
Ildo horretatik, Gonzalezek adierazi du urrats handia egingo dutela Aiaraldea sozioekonomikoki suspertzeko planaren bidez, 28 milioi euro bideratuko baitira horretara. Edonola ere, ez du xehetasun berririk eskaini, oraindik lanean ari baitira.