Leo Barañano egongo da Ricardo Barkalaren zerrendan Athletic Clubeko zuzendaritzako kide izateko

Aitor Aspuru Saez 2022ko eka. 3a, 23:30

Ricardo Barkalak gaur aurkeztu du bere proiektua Athletic Clubeko presidente izateko. Bere hautagaitza babesten egon da Leo Barañano abokatua. Izan ere, Barañano bere zerrendan egongo da kirol erakundea zuzentzeko.

Leo Barañano abokatua sartu da Ricardo Barkala presidetengaiaren zerrendan Athletic Clubeko zuzendaritzan aritzeko. Laudion zuzenzebideari lotutako bulegoa du Barañanok eta Arrankudiaga-Zollon bizi da.

Horren berri eman du Barkalak berak gaur Laudioko Kultura Etxean egindako topaketan Athletic Clubeko zale zein bazkideekin. Jendez gainezka egon da gela eta aurpegi ezagun ugari egon dira; Beñat Zarrabeitia kirol kazetaria edota Norberto Aldaiturriaga EAJko legebiltzarkide ohia eta Toño Aiz URA agentziako presidentea, besteak beste. Laudioko Udal Gobernu Taldeko kideek ere parte hartu dute hitzorduan.

Bere hitzartzean, Ricardo Barkalak edozein etiketa barruan sartzea baztertu du, bere hautagaitzari dagokionez. "Talde anitza osatu dut, zentzu guztietan" adierazi du. Bere proiektuari buruz ildo orokorrak baino ez ditu aipatu. Izan ere, oraindik babesak eskuratzeko fasean daude eta ez ditu bere asmoak plazaratu nahi hautagaia izango dela ziurtatu arte. 2.016 bazkideren babesa beharko du hauteskundeetan zerrenda izateko.

Hala ere, argi utzi du bere helburua dela Athletic Cluba erreferente bilakatzea berriro jokalari euskaldunen artean, beste taldetara joan ez daitezen. Halaber, iragarri du bere eskutik kluba egongo dela erabaki gune guztietan, Espainiako Estatuan zein nazioartean: "Ezin dugu utzi besteek gure ordez erabakiak hartzea".

Hurrengo denboraldiko entrenatzaileari begira, aipatu du sei profesionalekin hitz egin duela, baita Marcelinorekin ere. Guztiek maite dute Athletic Cluba eta bere filosofia, bere ustez.

Taldeko filosofiaren aldetik, Lezama eta harrobia indartzekoaren aldekoa da Barkala. Inbertsioak egin ez ezik, hautagaiak ziurtatu du aldaketa ere egin behar dela Lezaman, "12 edo 15 urteko proiektuak abiatu behar dira, fruituak eman ditzaten, ez da posible presidente berri bakoitzak dena aldatzea Lezaman. Lan eredua aldatzen da eta horrela zaila da gauzak argi izatea".

Emakuzmekoen taldean Barkalak espero du zuzendaritza eta gidaritza emakume talde baten esku uztea eta zaleen esparruan, animazio harmailaren aldekoa da. Azkenik, azpimarratu du Athletic Clubaren xedea urtero izan behar dela Europan lehiatzea, ez bakarrik ekonomikoki beharrezkoa delako, baita gazteen artean ilusioa pizteko ere. Alegia, presidentegaiak uste du Athletic Club marka nazioartean zabaldu behar dela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide