Ekaina izango da Laudio TOP Zinema programazioa Laudioalde ikastetxeko aretoan eskainiko den azken hilabetea. Lanbide Heziketa Eskolak aretoa baliatuko du datorren ikasturtetik aurrera eskolak emateko, eta uztailean abiatuko dituzte aretoa atontzeko lanak.
Iragan asteleheneko Udal Osoko Bilkuran atera zen gaia mahaigainera, Omnia udal taldeak egindako galdera baten harira. Ander Añibarro alkateak azaldu zuenez ikastetxeak Udalari lagatutako espazioa izanik, Laudioaldek dauka hori erabiltzeko lehentasuna, "lagapen-hitzarmenean jasota dagoen bezala". "Herriko gazteen heziketa zinema eskaintza baino garrantzitsuagoa da" adierazi zuen Añibarrok gaiaren inguruan piztutako eztabaidan. Udal Gobernu taldetik aurreratu zutenez, zinema programazioa berrezartzeko alternatiba baten bila ari dira.