Beirak senidetutako herrien sarera batu da Laudio, Beiraren Nazioarteko Urtean

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko eka. 7a, 20:36

Beirazko giltza jaso du Laudiok. Aiaraldea.eus

Beiraren Nazioarteko Eguna dela eta aitortza jaso zuen astelehenean Laudiok. Sektorearekin erlazionatutako erakunde desberdinek balioan jarri zuten udalerriak birziklatutako materialarekin duen harreman estua.

Nazio Batuen Erakundeak Beiraren Urtea izendatu du aurtengo 2022. urtea. Testuinguru horretan 'Beriak senidetutako herrien sarera' batu da Laudio, Espainiar Estatuko beste 50 udalerrirekin batera. Egitasmoak beiraren industriara lotuta dauden herrien arteko elkartasun sinbolikoa adieraztea du helburu.

Astelehenean egindako ekitaldian jaso zuen aitortza Laudiok. bertan hartu zuten parte Udal Ordezkariek, Oskar Argote Vidrala enpresako salmenta arduradunak, Josu basauri Tarabeira enpresako kudeatzaileak eta Oskar Acedo Ecovidrioko kudeatzaileak. Beiraren birziklapen gaitasuna jarri zuten balioan. Izan ere, nahi beste aldiz birziklatu daitekeen materiala da, eta horregatik nabarmendu zuten birziklatze-kateak sustatzeko beharra. Araban, %87koa da material honen birziklapen tasa. Aiarako Kuadrillan ere birziklapen datu oso onak daudela azaldu zuen Ander Añibarrok.

Laudio, zero kilometro

Ekimenaren sustatzaileek balioan jarri zuten Laudiok beiraren industrian duen kokapen estrategikoa. "Oso udalerri gutxi daude, Laudioren tamainakoak, non beira birziklatzeko zein ekoizteko azpiegiturak dituzten", azaldu zuen Oskar Acedok.

Bide beretik jo zuen Ander Añibarro Laudioko alkateak ere: "Laudio udalerri erreferentea bilakatu nahi dugu beiraren industrian". Alde horretatik Foru Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin gauzatzen ari diren Laudio Glass Hub proiektua goraipatu zuten. "Herritar asko beirari lotuak bizi izan dira -gogorarazi zuen Añibarrok-  "aitortza hau haiena ere bada".

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide