Lan baldintzen urraketak eta soldata atzerapenak salatu dituzte Laudioko Kultur Etxeko langileek

Txabi Alvarado Bañares 2022ko eka. 8a, 10:00

Laudioko Kultur Etxea, artxibo irudi batean. / Laudioko Udala

Langileek Udalari leporatzen diote zerbitzua kontratatzeko “plegu erridukuluak” egitea eta prezio merkeena eskaintzen duen enpresaren alde jotzea. Tokiko erakundeak, bere aldetik, faktura guztiak ordaindu dituela ziurtatu du.

Egoerak okerrera egin du azken urtean Laudioko Kultur Etxean. Hala salatu dute bertako langileek. Azaldu dutenez, une honetan 4 tailer eskaintzen dituzte. Pandemia hasi baino lehen beste hiru egiten ziren, baina jada ez. Hau da, bi urtetan ia erdira murriztu da tailer kopurua. 

Gastronomia museora eta Gardeako eskolara mugitu dituzte jarduera horiek, Lamuza parkeko obrak eta koronabirusa dela eta (espazio zabalago bat erabiltzeko). Alabaina, tailerretako arduradunek salatu dutenez, espazio horiek ez daude egokituak. “Utzikeria handia dago”, nabarmendu dute, eta gaineratu dute giza baliabide falta dagoela: “Ez dagozkigun lanak egiten ditugu museoan, harrera lanak kasu”. Horrez gain, materialen egoera kaskarra ere jarri dute mahai gainean, “astoak, adibidez, oso hondatuta daude”. 

“2012tik daramatzagu soldatak izoztuta. Horrez gain, oporretako paga extra kendu eta ohiko soldataren barruan sartu digute"

Lan baldintzen urraketak 

Baina lan baldintzengatik daude bereziki haserre. Iazko irailean sartu zen Educalia Ocio Educativo S.L. enpresa Kultur Etxeko harreraren eta tailerren kudeaketan. “2012tik 2021era Kulturbide enpresak kudeatu zuen zerbitzua”, azaldu dute langileek, baina azpimarratu dute bi enpresak jabe berdinak dituztela.  

Gauzak hala, langile beteranoenek gogorarazi dute 10 urte daramatzatela euren lan eskubideen aldeko borrokan. “2012tik daramatzagu soldatak izoztuta. Horrez gain, oporretako paga extra kendu eta ohiko soldataren barruan sartu digute. Ordutik daramagu bilerak egiten hori bideratzeko”, azaldu dute. Antzinatasuna ere gaizki aitortua dute: “gutako bik 2004tik daramagu tailerrak eskaintzen, baina 2012tik aurrerako antzinatasuna aitortzen zaigu soilik”. 

Nabarmendu dutenez, beste herri batzuetan baino gutxiago kobratzen dute. “Eskualdean gu gara gutxien kobratzen ari garenak. Begirale batek baino gehiago irabazten dugula esaten digute, baina gu ez gara aisialdi begirale hutsak. Ikasketak eskatzen dizkigute lana egiteko”.

Ordaindu gabeko orduak ere jarri dituzte mahai gainean: “Pandemia dela eta, denbora eskaini behar izan diogu gelak garbitzeari. Horretara emandako denbora extra ordaintzea eskatu genion enpresari, eta ezetz esan zigun. Denak dira ezezkoak”. Tailerrak prestatzeko denbora ere dute aldarri: “Kobratzen duguna klaseetan gauden denbora baino ez da, baina gero denbora ugari eskaini behar diegu saioak prestatzeari. Egunero egiten ditugu ekintza ezberdinak”. 

"Eskualdean gu gara gutxien kobratzen ari garenak. Begirale batek baino gehiago irabazten dugula esaten digute, baina gu ez gara aisialdi begirale hutsak. Ikasketak eskatzen dizkigute lanak egiteko”

Soldata atzerapenak

Arestian aipatutako arazo eta aldarri “historiko” horiei, beste bat batu zaie azken hilabeteetan: soldatak garaiz kobratzeko eskubidea. Salatu dutenez, urritik daramate nominetan atzerapenak izaten. “Maiatzaren 4an kobratu genuen martxoko soldata, eta gaur jaso dugu apirileko ordainsaria (maiatzaren 24an egin zen elkarrizketa)”. 

Are larriagoa da Kultur Etxeko harreran dauden langileen kasua. “Hilabetero ditugu atzerapenak, 15 egunekoak gutxienez. Gainera, ordainketa horiek gaizki egiten dizkigute sarritan, eta gu aritu behar izaten gara  berkalkulatzen, zegokiguna baino gutxiago eman izan digutelako”. 

Kontraturik gabe lanean

Beste urraketa bat ere ekarri du argitara langileetako batek. Hala kontatu du: “Baja bat kubritzera etorri nintzen, iazko udan. Uztaila eman nuen lanean. Abuztuan itxita dago Kultur Etxea. Gauzak hala, hilabete horretan ez nuen kotizatu, eta irailean hasi nintzen berriro. Baina nik ez nuen kontraturik ikusi une batean ere ez. Irailean itzuli nintzenean beranduago hasi nintzen kotizatzen, eta hor ere ez zidaten kontraturik eman sinatzeko, behin eta berriro eskatu arren”. Langileak argi du zein zen enpresaren asmoa: “abuztua baliatu zuten ni botatzeko eta ez ordaintzeko. Gainera, uztaileko azken lau egunetan baino ez zidaten alta eman gizarte segurantzan”. 

“Hilabetero ditugu atzerapenak, 15 egunekoak gutxienez. Gainera, ordainketa horiek gaizki egiten dizkigute sarritan, eta gu aritu behar izaten gara  berkalkulatzen"

Egoerak ez zuen sorpresaz harrapatu, aurretik ere egona baitzen enpresan. “Basaurin lan egin nuen eurekin beste zerbitzu batean, eta orduko hartan ez zidaten inolako kontraturik egin”. Gauzak hala, salaketa jarri zuen, eta horrela lortu zuen enpresarekin negoziatzea. 

Hala ere, arazoak ez ziren hor amaitu: “nire lankidea -beste ordezko bat- sartu zenean, enpresak esan zigun lanorduak gure artean nahieran banatu ahal genituela. Nik ordu gehiago hartu nituen, baina ordu extra horiek ez nituen kobratu ez kotizatu. Gero sekulako anabasa izan genuen ni ordezkatzen nuen langilearen baja amaitu zenean. Langile horrek berriz baja hartu zuen gero, baina ni ez ninduten berriro deitu bera ordezkatzeko. Kaleratze ezkutua izan da nirea”.  

Antzeko egoerak bizi izan ditu beste harreragileetako batek: “Astebete igaro nuen kontraturik gabe. Azaroaren 8an hasi sartu nintzen lan egitera, baina kontratuan dio 15ean hasi nintzela”. Gauzak hala lan-dokumentuan “iruzurra” egitea leporatu dio enpresari. “Ekoizpen arrazoiengatiko kontratua egin zidaten, hemen produkzio gorakadarik ez dagoen arren”. 

Urtarrilean, aldiz, berriz hasi zen lanean, beste ordezkapen bat egiteko, baina ez  zioten ordezkatzen ari zen langilearen kategoria berean jarri. Gainera, nabarmendu duenez, soldata jaitsi zioten.

"Irailean itzuli nintzenean beranduago hasi nintzen kotizatzen, eta hor ere ez zidaten kontraturik eman sinatzeko, behin eta berriro eskatu arren”

Gakoa, pleguetan

Langileek azpimarratu dutenez, Udalak ardura handia du salatu duten guztian. “Zerbitzua kontratatzeko eginiko pleguak erridikuluak dira. Eskaintza merkeenera jotzen dute, zerbitzuaren kalitatea kontuan hartu gabe”, azaldu dute, eta adibide bat jarri dute hori bistaratzeko: “Pandemiaren ostean hiru hilabetez egon ginen Amurrioko enpresa batek kontratatuta, eta baldintza hobeak izan genituen. Baina zerbitzua kudeatzeko pleguak atera zirenean esan zuten ez zirela aurkeztuko, baldintzak txarrak zirelako. Aurkeztuz gero dirua ozta-ozta irabaziko zutela esan ziguten”. 

Hainbat aldiz joan dira udaletxera gaia lantzeko, “2-3 aldiz bildu gara alkatearekin, eta azken aldian esan zigun ez zela berriz gurekin berriz batuko, eta enpresak ez digu kasurik egiten”. 

Udalaren erantzuna

Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da udalarekin gaiari buruz galdetzeko Tokiko erakundeak aipatu du ez zuela egoeraren berri: “Orain arte, udalak faktura guztiak ordaindu ditu. Horrez gain, kontratuak egiterako orduan bi irizpide hartzen dira kontuan: proiektuaren balorazioa eta eskaintza ekonomikoa”. Zentzu horretan, udal gobernuak ziurtatu du ez duela enpresa prezio merkeena izateagatik kontratatu.  

Hala ere, egia da prezioa dela lehiaketa publikoan pisu nagusia duen aldagaia. Kultur Etxeko kudeaketaren pleguen arabera, 125 puntutik 100 eman zitzaizkion prezio merkeena eskaintzen zuen enpresari. “Hori horrela izan da beti, baita aurreko udal gobernuarekin ere”, salatu dute langileek, “udalak enpresari botatzen dio errua, eta enpresak udalari, baina langileak gara ordaintzen dugunak”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide