'Gau ilunean gure sua argi' lemapean ospatuko du Orbeko Etxeak bere 21. urtemuga

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko eka. 9a, 07:01

Orbeko Etxeak 21 urte bete ditu, eta ospatzeko egitarau oparoa prestatu dute. / Aiaraldea.eus

21. urteurrena ospatzeko hamaika ekitaldi prestatu ditu Orbeko Etxeak ekainean. Larunbatean izango da urtemuga festa, baina datorren asteburuan ere egongo da eskaintza zabala.

Egitarau oparoa aurkeztu du Laudioko Orbeko Etxeak 21. urtemuga ospatzeko. Urtero gisa, ekainean programazio berezia egingo dute Gardeako etxe okupatuan, nahi duen ororentzat. Gaur ekingo diote jaiari, 19:30ean kontzertuak egongo baitira Irreal, Tenso, Reclusion eta Cuero taldeen eskutik. Hala ere, larunbat eta igandean -hots, ekainaren 11n eta 12an- izango dira jarduera gehienak.

Bi asteburutan luzatuko da 21. urtemuga festa. Ekainaren 11n izango da jai egun nagusia, baina igandean Haurren Eguna ospatuko dute, besteak beste

Asteburu borobila zain

Asteburu luzea dute aurretik Orbeko Etxean. Larunbatean, 8:30ean Jesuri aske! lemapean mendi ibilaldia deitu dute, Orbeko Etxetik Elorritxugane, Jesuri eta Peña Negra tontorrak lotzeko. Luiaondora jaitsiko dira oinez gero, eta bertan bukatuko dute txangoa.

Eguerdiko 13:30ean, berriz, trikipoteoa egingo dute herrigunetik, 15:00etan herri bazkariarekin indarberritzeko. Arratsa, ostera, "muturreko olinpiadekin" gozatuko dute.

Igandean, aldiz, Haurren Eguna izango da nagusi. 17:00etan irekiko dituzte Orbeko Etxeko ateak, eta lorategian ur jolasak eta ipuinak egongo dira. Horrez gain, bulderrean eskalada tailerra egingo dute.

Bigarren txanpa ekainaren 15etik 18ra gauzatuko dute. Asteazkenean -hilak  15- El futuro de la mistelera liburu aurkezpena antolatu dute , eta ostegunean Igor Arzuagaren De espantapajaros y escarcha olerki liburuaren solasaldia zein pikoteoa. Ostirala, ordea, "Jedi galaktikoarekin" girotuko dute, DJ Kultura Subsueloren gidaritzapean.

Ekainaren 18an bukatuko dute 21. urtemugaren ospakizun zikloa. Goizean pentsiodunen ibilaldiarekin bat egingo dute, eta 16:00etan dokumentalak azpititulatzeko tailerra izango dute osagai. Iluntzean, baina, musika festibalak lehertuko du festa: Rotura, Nafra, Addenda, Shöck eta Troika taldeak oholtzaratuko dira.

Orbeko Etxeko kideek jakinarazi dutenez, urteurrenean zehar Kakitzaten erakusketa egongo da ikusgai espazioan, NATOren aurkako lana hain zuzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide