Apirilaren amaieran hasi zuen Nerea Vallek bere musika ibilbide berria. Menos perfecta abestia eta bideoklipa plazaratu zituen orduan, Nira izen artistikoa erabilita. Orduan azaldu zuen hilabetero sorkuntza berri bat plazaratuko zuela. Esan eta egin. Iragan astean aurkeztu zuen kanta berria, ikus-entzunezko batekin batera.
7 de agosto da lan berriaren izena, eta “laguntasuna” du hizpide, Vallek berak azaldu duenez. “Letrak ni eta nire lagun baten arteko laguntasunari buruz hitz egiten du. Pertsona hori da beti gauzak berriak egitera animatzen nauena, edo nire errutinatik ateratzen nauena”.
Hain zuzen, lagunez inguratuta agertzen da Nira bideoklipean. Bere kuadrillako zenbait kide agertzen dira, baita bere neba ere. “Bideoklip honetan agertzeko ez nuen jende hoberik irudikatzen, hori delako abestiak transmititzen duena, laguntasuna”.
Musikari dagokionez, pop kutsua mantendu du sortzaile laudioarrak, “baina irish edo indie folk zertzelada batzuk gehituta”. Bartzelonan grabatu zuten kanta, Arctic Wave estudioan, Carlos Dueñasen gidaritzapean. Bideoklipa ekoizteko, aldiz, Ander Urrosolo zuzendariarekin aritu da elkarlanean. “Bizkaiko kostaldean eta Tribiñun egin genituen grabaketak, hiru egunez”.
Aiaraldea Komunikabideak elkarrizketa egin zion Valleri maiatzean, bere musika egitasmo berria aurkezteko: