Iragan astean jaso zenuen saria Poetas en Mayo nazioarteko jaialdian. Espero zenuen?
Saria jaso nuenean ia ez nintzen gogoratzen parte hartu nuela. Besterik gabe eman nuen izena. Poesia Paperezko Ahozapi batean zen lehiaketaren izena. Olerki bat idatzi behar genuen mukizapi batean. Laudioko Iluntze tabernara joan nintzen eta bertan idaztea erabaki nuen, bertako ahozapiak gustatu egin zitzaizkidalako. Poema osatu eta argazkia egin nion, lehiaketara bidaltzeko. Irabazi nuela esan zidatenean ez nuen sinesten. Pentsatu nuen agian ez zuela jende askok izena eman eta horregatik irabazi nuela. Baina saria jasotzera joan nintzenean parte hartzaile guztiekin egin nuen topo eta pentsatu nuen: “Jo, ba agian ona naiz!”.
Zure lehenengo lehiaketa izan da?
Bai, lehenengoa.
“Norbaitek poesia latza egiten duenean, nik gogoko dut, ikusten delako benetan barrutik ateratzen duela, eta oso ausarta iruditzen zait hori”
Baina ez da poesiaren munduan egin duzun lehenbiziko gauza, ez? Iaz aurkeztu zenuen zure lehen liburua.
Niri txikitatik gustatu izan zait idaztea eta irakurtzea. Banuen koadernotxo bat, eta bertan idazten nituen gauzak, olerkiak, besteak beste. Egun batean pentsatu nuen bertan idatzitako poema guztiak ordenagailura pasatzea, nola geratzen ziren ikusteko. Dezente nituela ikusi nuen.
Orduan pentsatu nuen testuak polit jartzea eta argitaratzen saiatzea. Sei argitaletxetara bidali nuen eta guztiek esan zidaten baietz. Bat aukeratu nuen eta liburua plazaratu nuen.
Hainbat garaitako olerkiak bildu dituzu, beraz.
Bai. Hasieran txikitan idatzitakoak agertzen dira, eta bilakaera ikusi daiteke gero. Beste liburu bat idazten ari naiz eta hor ere ikusiko da nire bilakaera.
Nolakoa izan da bilakaera hori? Zertan nabaritu daiteke?
Idazteko forman. Nire lehen olerkiak “umeagoak” dira. Gaiei dagokionez, olerki ilunak egitea gustatzen zait, alaiak gatzik gabekoak iruditzen zaizkidalako. Bi estiloetako olerkiak gustatzen zaizkit, baina, idazterako orduan, olerki ilunagoak egitea dut gogoko. Gai ilun eta alaiak tartekatzen ditut beti.
Zure bizipen eta sentimenduetan oinarritutako olerkiak dira zureak edo, kontrara, fikzioa dira?
Badute zerbait bi aldeetatik. Batzuetan oso alai nago eta oso gauza txar bat idatzi dezaket. Nire izaera da. Egile ilunak ditut gustuko. Nire lagunek sarritan galdetzen didate ea zergatik dudan horren idazkera iluna. Nire amak edota nire bikoteak galdetzen didate ea horrela sentitzen naizen benetan, eta nik erantzun behar izaten diet ezetz, horrela idaztea gustatzen zaidala.
Orduan, idazten duzunak ez du zerikusirik zure egoera pertsonalarekin.
Agian batzuetan bai, baina gehienetan ez. Pozik nagoenean baliteke gauza alairen bat idaztea, baina ohikoan gauza batek ez du bestearekin zerikusirik.
Poetas en Mayo lehiaketara ere olerki ilun bat bidali zenuten, ez?
Bai. Banuen poesia sorta bat, eta pentsatu nuen: “Zein jarriko dut, alaia dena? Hori mundu guztiak egiten du!”. Niretzat horrelako olerkiek ez dute mami askorik.
Zer nolako harrera izan du iaz argitaratu zenuen liburuak?
Koronabirusaren olatuaren ostean argitaratu nuen. Horregatik, aurkezpen guztiak Internet bidez burutu genituen. Baina uste dut harrera ona izan duela argitaletxeak bi aldiz deitu nauelako Sant Jordiko azokara joateko Bartzelonara. Nire inguruko jendearen artean ere harrera ona izan du. Nire lagunek esan didate gustukoa izan dutela, nire familiak ere… pozik nago, beraz.
Zer nolako esperientzia izan da Sant Jordi azokara joatea?
Iaz Internet bidez egin genuen. Aurten, aldiz, bertan egon gara, hotel batean, liburua sinatzen eta hitzaldi bat eskaintzen. Oso esperientzia ona izan da. Beste hiru egilerekin egon naiz, argitaletxe berekoak. Apur bat urduri geunden hasieran. Baina gero, elkar ezagutu genuenean, oso ondo moldatu ginen elkarrekin.
Baduzu poesia irakurtzeko ohitura?
Bai, egile asko ditut gogoko. Elvira Sastre, adibidez, Poetas en Mayo topaketara etorri zen, eta nire erreferentea da. Ikustera joan nintzen eta oso ondo pasatu nuen. Irene X izan zen irakurtzen hasi nintzen lehen egilea… denak emakumeak. Eleberriei dagokionez, Stephen King edo Lovecraft ditut gogoko.
Literatura iluna duzu gogoko. Zergatik?
Alaitasuna denok erakusten dugu, baina jende guztiak ez ditu sentimendu txarragoak adierazten. Gizarteak ere jartzen du muga: ez dago ondo ikusita ni txarto nagoenean hori erakustea. Eskolara noa eta pozik egon behar naiz gauzak egin behar ditudalako. Horregatik, norbaitek poesia latza egiten duenean, nik gogoko dut, ikusten delako benetan barrutik ateratzen duela, eta oso ausarta iruditzen zait hori.
Liburu berria prestatzen ari zara orain. Ezberdina izango da?
Ez, alor berdina jorratuko du: poesia ilunak, hainbat gaiei buruzkoak. Baina nire bilakaera pertsonala ere ikusiko da. Hiru ataletan sailkatuko ditut olerkiak. Kapitulu bakoitza independentea izango da besteekiko, eta gai ezberdinak jorratuko dituzte.
Baduzu beste literatura generoren bat jorratzeko asmorik?
Beti izan dut buruan fikziozko zerbait argitaratzea. Nire asmoa ez zen poesia egitea, baina horri ekin nion eta horretan murgildu naiz. Baina uste dut noizbait egingo dudala beldurrezko libururen bat, asko gogoko baitut genero hori. Ez dut proiektu zehatzik buruan. Batzuetan gauzak bururatzen zaizkit eta idatzi egiten ditut, baina ez naiz ezer osatzen ari.
Poesia berez ateratzen zait. Bada ahalegina, baina ez asko. Apur bat desastrea naiz, eta inoiz ez naiz jarri eleberri bat idaztera. Olerkiekin, aldiz, ez naiz horretan jarri behar. Bat-batean metafora bat bururatu ahal zait, eta hortik abiatuta garatu dezaket poesia oso bat.