OLATZ CAMINO ARTEAGA

“Nazioartean lehiatzea dut helburu”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko eka. 16a, 07:00

Olatz Camino laudioarra bigarrenez gailendu da Euskadiko Txapelketan. / Aiaraldea.eus

OLATZ CAMINO ARTEAGA (Laudio, 2004)  Txirrindulariak euskadiko txapelketa irabazi du, bigarren urtez jarraian. Beste hainbat sari ere lortu ditu eta nazioartera begira jarri da

Euskadiko Txapelketa irabazi duzu, bigarren urtez jarraian. Zer moduz joan zen lasterketa?

Hasieran txarto sentitu nintzen. Hiru itzuli ziren. Lehenengoan azkar joan ginen, bigarrenean hobeto sentitu nintzen eta erasoa egin nuen hirugarrenean, helmugara iristeko bi kilometro falta zirenean.

Irabazteko asmoarekin joan nintzen. Esan bezala, lehen itzulian gaizki joan nintzen eta apaldu egin nintzen. Baina gero, hirugarren bueltan dena eman nuen, eta horrela lortu nuen irabaztea.

Iaz ere gailendu zinen. Ezberdintasunik sumatu duzu iazko eta aurtengo lorpenaren artean? Zer egin zaizu zailen, titulua lortzea edo defendatzea?

Biak izan dira berdinak, maila berdinekoak. Maila mantentzea lortu dudala uste dut.

Honakoa ez da azken asteetan lortu duzun garaipen bakarra.

Ez. Duela aste batzuk Almerian gailendu nintzen eta ondoren Arrigorriagan irabazi nuen, emakumezkoen klasikoan.

Ikasturte oparoa egin duzu, beraz.

Bai, helburuak gainditu ditut dagoeneko. Hemendik  aurrera zerbait irabazten badut, ondo, baina nire taldeak ere irabazi behar du. Arabarrak taldearekin entrenatzen dut.

Taldearen helburuak ere bete dituzue?

Emaitza onak daude, apurka apurka. Zortzi gara taldean eta ondo moldatzen gara elkarrekin.

Txirrindularitza talde kirola dela esango zenuke?

Bai, talde kirola da, elkar laguntzen baikara. Taldekako norgehiagokak ere irabaztea dugu helburu. Kopa batean gailentzea lortu genuen.

Nazioartean lehiatzea duzu orain helburu, ez?

Bai, nire helburua da Espainiako Selekzioa nigan fijatzea, nazioarteko lehiaketetara joateko. Momentuz ez naute inoiz deitu. Uste dut deitu beharko ninduketela, baina ikusiko dugu.

Nazioartera joateko aukera izango bazenu, zein helburu izango zenuke?

Parte hartzea eta gehiago ikastea. Ezberdintasun handia dago hemengo eta nazioarteko txapelketen artean. Frantzian egon naiz duela hiru aste, eta oso maila altua zegoen. Munduko Kopa bat zen, eta asko sufritu nuen, baina asko ikasi ere bai. Bertan egoteak balio izan dit berriki lortu ditudan emaitzetarako.

Zer ikasi nahiko zenuke nazioarteko txapelketa horietatik?

Lasterketan gehiago sufritzen ikasi nahiko nuke. Burua kontrolatzen jakitean datza hori. Une honetan, aldapa gora dauden helmugetara iristen naiz ona. Amurrion edota Almerian, adibidez, mota horretako metetan lortu nituen garaipenak.

Argi duzu zer egin nazioartera joateko gonbita luzatzen badizute. Baina, hori gertatuko ez balitz, zer plan izango zenuke udarako?

Bai, lasterketa asko daude hemen udan, oso ondo planifikatua dago. Bizkaiko Koloreak klasikoa, adibidez, oso gogoko dut. Nik egin dut jada egin beharrekoa, baina denboraldia ez da amaitu. Entrenatzen eta dena ematen jarraituko dut, orain arte bezala.

“Nik egin dut jada egin beharrekoa, baina denboraldia ez da amaitu. Entrenatzen eta dena ematen jarraituko dut, orain arte bezala”

Ibilbide oparoa egin duzu txirrindularitzan. Noiz ekin zenion bideari?

Bost urte daramatzat bizikleta gainean. Atletismoa egiten nuen, ikastolako klubean. Asko gogoko nuen korrika egitea, baina triatloiak egiten hasi nahi nuen. Igeriketan ez nintzen oso ondo moldatzen, eta bizikletan ere ez nintzen oso aritua. Aiarabikeko kideek talde bat osatu zuten eta batzera animatu nintzen. Infantil kategorian hasi nintzen eta asko gustatu zitzaidan. Atletismoa eta txirrindularitza, biak uztartzen hasi nintzen, baina une honetan bizikletan baino ez naiz aritzen.

Lagunak eman dizkit txirrindularitzak. Bizikleta gainean oso azkar pasatzen zait denbora, eta ondo pasatzen dut lagunekin ateratzen naizenean.  Talde kirola da, eta atletismoa indibidualagoa da.Iaz ekin nion modu serioagoan entrenatzeari, Euskadiko Txapelketa irabazi ostean. Motibazio gehiago eman zidan lorpen horrek, eta balio izan zidan konstanteagoa izateko.

Zertan nabaritzen duzu konstanteagoa zarela?

Astean sei egunetan entrenatzen dut. Zazpigarrenean hartzen dut atseden, edo beste kirol bat praktikatzen dut. 2-3 orduko entrenamenduak egiten ditut. Gaur, adibidez, Euskadiko Selekzioko kideekin geratuko naiz arratsaldean. zazpi gara, eta astero biltzen gara batera entrenatzeko. Gainontzeko egunetan, aldiz, bakarrik edo lagunekin geratzen naiz, eskualdean. Arabarrak taldeko kideak Gasteizkoak dira, eta zailagoa da eurekin geratzea.

Batxilergoa amaitu berri duzu. Nola egiten duzu kirola eta ikasketak uztartzeko?

Nahiko ondo moldatu naiz.

Argi dituzu epe ertainera begirako helburuak. Baina epe luzera, baduzu helmugarik?

Ez dakit non amaituko dudan. Ikasketak eta entrenamenduak uztartuko ditut. Lasterketa garrantzitsuak egitea gustatuko litzaidake, talde on batekin, Espainiatik kanpo. Profesionala izatea ez da horren garrantzitsua niretzat, baina gustatuko litzaidake.

Baduzu aukera hori buruan?

Bai eta ez. Jarraikortasun handia behar da horretarako, eta ona izan behar zara. Urrun ikusten dut momentuz, zaila da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide