HAIZEA URKIXO GOROSTIAGA

"Buru osasunari buruzko kontzientzia enpatikoagoa sortu nahi dugu, arazo bati hitzak jarri, elkarrekin saretu eta hitz egin"

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko eka. 10a, 08:40

Bilboko BBK kuna aretoan izango da ekimena. / Wikipedia

'Taburu' ekimena sortu du, besteak beste, Haizea Urkixo Gorostiaga laudioarrak, buru osasuna zaintzeko beharra mahaigaineratzeko. Arte, solasaldi eta performance bidez gauzatuko dute ekintza soziala Bilboko BBK Kuna aretoan gaur.

"Problematika sozialak aztertzen jarri ginela, osasun mentalak duen tabu karga handiaz eta garrantzi txikiaz ohartu gara. Egoera zein zen ikusita, honi aurre egiteko ekintza baten prestaketan murgildu gara. Buru osasunari beharrezko garrantzia eman eta duen estigmatizazioa kenduko dion ekitaldia izango da". Hala laburtu dute 'Taburu' ekimenaren sustatzaileek gaur Bilbon antolatutako jarduera. Arratsaldetik iluntzera luzatuko da programa, 16:00etan hasita, BBK Kuna aretoan. 

"Ez dugu buru osasun ona, ez dakigu krisiak kudeatzen, ezegonkortasun betean bizi gara, eta horrek antsietatea sortzen du. Are, gazteen artean, gizartearen zama osoa sorbaldan baitaramagu, eta gainera infantilizatu egiten gaituzte"

Haizea Urkixo Gorostiaga  da ekimenaren atzean dagoen gazteetako bat, beste 24 ikaskiderekin batera. "Urte amaieran beti jartzen dugu proiekturen bat martxan. Guztiok hurbiletik sentitu dugu nozbait buru osasunaren beharra, lagun zein familiarengandik", erantsi du, "gizarte kapitalistaren problematika da, eta beharrezkoa da lantzea, ez dugu buru osasun ona, ez dakigu krisiak kudeatzen eta ezegonkortasun betean bizi gara, eta horrek antsietatea sortzen du. Are, gazteen artean, gizartearen zama osoa sorbaldan baitaramagu, eta infantilizatu egiten gaituzte gainera".

Ekitaldian arteak izango du tokia, baita ikus-entzunezkoek ere. "Sentsazioak sortzen dituzten gauzak nahi genituen plazaratu. Bizitegi eta Argia fundazioekin elkarlanean aritu gara, eta ohartu ginen eurekin antzezlana prestatzea oso egokia zela euren gaixotasunaren azalean jartzeko, eta esperientzia gisa aberasteko". Hala, Bizitegiren antzerkia taularatuko dute 19:30ean: "Gaixotasun mentala duenaren bizitza, erreakzioak, sentimenduak... ikustarazi nahi ditugu performancearen bidez. Jendearen gorputzean transmititu nahi dugu hori dena, aktoreak ez garen arren ondo geratuko dela uste dut".

Ekitaldiak kontzientziazioa du ardatz, baina helburua harago doa: "Datozen denek kontzientziazioa badute, baina jendeak elkar ezagutu eta hitz egitea nahi dugu. Espazio seguruak nola sortu eta kudeatu eta abar ere eztabaidatuko dugu azken zatian. Kontzientzia enpatikoagoa sortu nahi dugu, arazo bati hitzak jarri, eta elkarrekin saretu zein hitz egin". 

6 euro balio dute sarrerek, baina agortuta daude dagoeneko: 

Imagen de TABURU

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide