50 urte bete ditu aurten Laudio Ikastolak. Hori dela eta, ekimen ugari egin dituzte ikasturte osoan zehar. Gaur izan da berezienetako bat, hezigunearen jaian parte hartu baitute ehunka lagunek. Ikastolako kanpoaldean txosna eta eszenatokia jarri dituzte, eta bertan izan da ekitaldi nagusia.
Pablo Gorostiagak Laudio Ikastolaren hastapenak kontatu ditu, Jon Pagoagak bertsoz oroitu du zentroak euskararen alde eginiko lana, eta lehenbiziko irakasleetako hiru ere omendu dituzte. Hitzartzeeetan hastapenetatik gaur arte eginiko ibilbidea izan dute hizpide. Sare Escribano Murgak Aiara Murga Ikastolako lehendakariak idatzitako gutuna irakurri du, eta Jon Bengoetxea zuzendariak ikastolen beharrezkotasuna goraipatu du, Araban garatzen ari diren elkarlanarekin batera. Zentzu horretan, Araba Euskarazen parte hartzeko deia zabaldu du, Trebiñu zein Argantzun bezalako tokietan euskaraz ikasteko baliabideak areagotzeko.
Ondoren, irakasle eta ikasle ohien bazkaria egon da frontoian. Gainera, egun osoan zehar argazki erakusketa jarri dute ikusgai sarreran.
Argazkiak: Izar Mendiguren Cosgaya eta Aitor Burgoa