Bi ekimen abiatu dituzte La Milagrosako ikasleek, Laudion “irakurzaletasuna eta artea” sustatzeko.
Alde batetik, Polimetría izeneko olerki liburua argitaratu dute. Ikasturtean zehar idatzi dute lana, eta eskolaren mendeurrenaren testuinguruan plazaratu dute. Doan banatuko dituzte argitalpenaren aleak, Laudioko aisialdi guneetan.
Ikasleek eurek eginiko olerki eta ilustrazioekin osatu dute lana. “Ezohiko liburua da, gure ikastetxeko 2 eta 16 urte arteko poeten inozentzia, ilusioa, pasioa eta indarra jasotzen baitu”, azaldu dute egileek.
Erakusketa, gaur
Liburua argitaratzeaz gain, erakusketa atondu dute ikasleek gaur goizean, Laudioko Udaletxeko erabilera anitzeko aretoan. 50 margolan plazaratu dituzte bertan, literatura eta pintura uztartuta. Lan “abagoardistak” direla nabarmendu dute, “transgresio artistikoa eta irrazionalitatea” abiapuntu dituztenak. Modu horretan, ikasleen “konplexurik gabe” azaleratu ahal izan dituzte euren emozioak, “artearekiko zaletasuna sustatzeko helburuarekin”.
Bi ekimenak ikastetxeko hizkuntza eta literatura sailak kudeatu ditu, eta helburu nagusia izan da ikasleen artean sormena zein lan kooperatiboa sustatzea.