Alaitasuna izan da nagusi gaur Laudioko El Crucero loteria-dendan. Horregatik, bertako bi langileek (Ruben De Barrio eta Jon Mateos) xanpain botila ireki dute komunikabideen aurrean. Ez da gutxiagorako, 3,9 milioi euro banatu baitituzte asteburuan.
Larunbat goizean jaso zuten albistea. “Irratitik jarraitzen ari ginen Espainiako Loteriaren zozketa. Sari nagusira iristean konturatu ginen gure zenbakia -18.567- esaten ari zirela”, azaldu dio De Barriok Aiaraldea Komunikabideari. Orduan hasi ziren telefono deiak eta zorion mezuak, baina sarituetako asko gaur bertaratu dira.
60.000 euro egokitu dira txartel bakoitzeko. “65 boleto banatu ditugu guztira. Hau da, ia lau milioi euro guztira. Horietako batzuk Gasteizko taberna batean saldu dira. Beste batzuk Ugaoko Batzokian, baina gehienak Laudion saldu ditugu, dendan bertan”.
Honakoa ez da Nerbioi kaleko establezimenduan egokitu den lehen saria. “2017an osteguneko zozketa irabazi genuen, 6.000 euro izan ziren txartel bakoitzeko”.