Zilarrezko domina eskuratu du Itxaso Escondrillasek Espainiako Atletismo Txapelketan

Aitor Aspuru Saez 2022ko eka. 21a, 14:12
Itxaso Escondrillas Tenerifeko pistetan. / @momentodeporte

Larunbatean lehiatu zen Master kategoriako Espainiako Atletismo Txapelketa Tenerifen eta Itxaso Escondrillas laudioarrak bi probetan parte hartu zuen; 1.500 metroko eta 800 metroko lasterketetan. Lehenengoan bigarren izatea lortu zuen eta bestean, aldiz, laugarren.

Emaitza bikainekin, baina zapore gazi-gozoarekin itzuli da Itxaso Escondrillas Tenerifetik. Lasterkari laudioarrak zilarrezko domina irabazi zuen 1.500 metroko proban eta laugarren postua erdietsi zuen Espainiako Atletismo Txapelketan Master Kategorian, larunbatean eta igandean, hurrenez hurren.

Eguraldia dela medio -hau da, beroa-, 1.500 metroko lasterketa gauez lehiatu zen larunbatean. Proba erritmo lasaiarekin hasi zen eta bat-batean aldaketa bortitza gertatu zen. Escondrillasek eutsi zion horri eta buruan jarri zen, baina azken metroetan ezin izan zuen garaipena lortu. Laudioarrak aitortu dio Aiaraldea Komunikabideari bere helburua irabaztea zela.

"Nire asmoa irabaztea zen"

Hurrengo egunean, igandean, 800 metroko proba zen eta Aiaraldeko atletak handicap handiarekin abiatu zuen: "1.500 metroko lasterketa gauez izan zen eta ez nuen ondo lo egitea lortu. Horrez gain, beroaren ondorioz, 800 metrokoa goizean goiz izan zen eta nire gorputza ez zen guztiz osatu".

Gauzak horrela, lasterketa erritmo ez oso altuan hasi zen eta 300 metro egin eta gero bizkortu zen. Orduan nabaritu zuen kirolariak atseden falta: "Nik gogokoen dudan zatia da azken 100 metroena eta justu hor sumatu nuen ez nuela indarrik lehiatzeko. Azkenean, laugarren postuan sartu nintzen helmugan".

Larunbatean gauez lehiatu ostean, igandeko lehen orduetan izan zuen bigarren lasterketa laudioarrak eta atseden falta nabaritu zuen

Asteburua igaro ostean, Escondrillas pozik dago lortutakoarekin, baina unean bertan ez zen horrela izan: "Serio entrenatu dut eta espero nuen irabaztea, baina besteek ere entrenatzen dute. Gainera, nire alaba ez zen etorri, bidaia oso luzea delako, eta hori ere faltan bota dut. Dena den, dominak eskuratzea oso zaila da eta sari hori jasotzeak esan nahi du ondo lan egiten ari naizela".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide