Manifestazioa egin zuten atzo Laudion arratsaldeko 18:00etan Laudioko Gaztetxearen alde. Gazteek herrigunean zabaldu zuten euren aldarrikapena poliziaren presentzia nabariarekin. Dena den, mobilizazioan ez zen istilurik gertatu, ekainaren 13an ez bezala.
Lamuza parkean zegoen Gaztetxearen azken bi urteak tirabiratsuak izan dira. Berez, parkeko Kultura Etxean dauden bestelako lokalak bezala, bere jarduera eten zen zaharberritze obrak gauzatzeko. Horren ondoren, Udalak aipatu zien agian proiektua ez zela kokapen horretara itzuliko.
Ordea, gero iritzia aldatu eta jarraipenari atea ireki zion tokiko erakundeak. Azkenean, eta Arabako Foru Aldundiaren aginduak jarraiki -bera baita Kultura Etxearen jabea-, Udalak komunikatu zuen Gaztetxea ez zela berriro parkean egongo.
Horren truke, hiltegia lagatzea proposatu zuen Udal Gobernu Taldeak. Eskaintza, ordea, ez zuten begi onez ikusi Gaztetxeko erabiltzaileek. Prozesu horretan, bi aldiz ireki dituzte Gaztetxeko ateak Udalaren borondatearen kontra, 2021ean eta 2022an. Bietan jaso dituzte kaleratzeko aginduak eta bigarrena, antza, behin betikoa izango da.