Gazte bat atzeman dute gaur gauean Laudion, herrigunean kokatuta dagoen diskoteka batetik hurbil, 05:00ak aldera. Hala azaldu dio Ertzaintzako prentsa bulegoak Aiaraldea Komunikabideari.
Poliziak argitu du gazte talde batek bi agente iraindu dituela eta, hori dela medio, gizonezko bat atxilotu dutela. Agintaritzaren kontrako erasoa egotzi diote.
Gertakariaren lekuko bat jarri da harremanetan komunikabidearekin bere bertsioa eskaintzeko. Horren arabera, ertzain bi eta gazte kuadrilla bat eztabaidatzen ari ziren, eta giroa gaiztotzen joan zen. Gazteek poliziak inguratu dituzte eta ertzainak oldartu egin dira euren aurka, borrekin kolpatuta.
Hala ere, gazte asko zeudenez, atzera egin behar izan dute bi poliziek. Handik gutxira ertzaina eta udaltzain gehiago bertaratu dira. Orduan, gazteetako bat harrapatzea erabaki dute, baina horrek hanka egin du.
Hasieran, dirudienez, iskin egin du atxiloketa saiakera, atzean utzita uniformez eta kalez jantzitako hainbat ertzain (horietako bat lurrera erori da, kolpea jasota). Baina azkenean, poliziak gizonezkoa atzeman du.